R.M. Azkue Literatura Sarietara lanak aurkezteko azken egunak
Epea astelehenean amaituko da eta irabazleak apirilaren 30a baino lehen iragarriko dira
DV
Donostia
Ostirala, 27 abendua 2024, 13:03
Idazle handia izateko gaztetatik trebatu behar da. Horregatik, Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak R. M. Azkue Literatura Sariak antolatzen dituzte, 10 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduak. Deialdi berria egin dute eta lanak bidaltzeko epea datorren astelehenean bukatuko da, abenduaren 30ean.
Sari hauen xedea «idazle gazteak literatura mundura erakartzea» da, Akademiako iturriek jakinarazi dutenez. «Lehiaketa honetan parte hartzera bultzatu nahi ditugu literatura-sortzaile gazteak, ziur gaudelako euren ekarpenak mesede handia egingo diela gure hizkuntzari eta kulturari», diote.
Bi genero saritzen dira, narrazioa eta poesia, eta genero bakoitzak bi maila ditu: A maila, 2011, 2012, 2013 eta 2014an jaiotakoentzat, eta B maila, 2007, 2008, 2009 eta 2010ean jaiotakoentzat.
Sarietara euskaraz idatziriko narrazio zein olerki lanak aurkez daitezke, egilearen bizilekua edo nazionalitatea edozein izanik. Lanak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan behar dira, eta ez dira onartuko beste lanen itzulpenak edo moldaketak. Lanak makinaz alde batetik idatzirik aurkeztuko dira, folio edo A4 neurriko orrietan, eta hiru kopia bidali beharko dira Akademiak Bilbon duen egoitza nagusira.
Epaimahaiei dagokionez, literatura arloko pertsona adituek osatuko dituzte eta Euskaltzaindiak izendatuko ditu. Bilbao Bizkaia Kutxak epaimahaietako idazkariak izendatu ahal izango ditu, eta horiek hitza izango dute, baina ez botorik. Erabakiak 2025eko apirilaren 30a baino lehen iragarriko dira.
Azkenik, 180 eta 300 euro bitarteko sariak emango dira, narrazioan zein olerkian. Aldi berean, eta parte hartzea bultzatu nahian, 500 euroko saria emango zaio lehiaketara ikasle gehien aurkezten duen ikastetxeari.