Arnasetik bideo sormen lehiaketaren bigarren edizioa abian da
Udalerri euskaldunetako gazteen artean hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea du helburu
I. A.
Donostia
Lunes, 18 de septiembre 2023, 13:03
Arnasa Gara ekimenak euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako Arnasetik bide sormen lehiaketaren bigarren edizioa jarri du martxan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta haien egitekoa izango da euskarari lotutako istorioak kontatzea. Lehiakideen sormena pizteaz gain, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea ere bada helburua.
Publicidad
UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnas Gara, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
Euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasle zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago lehiaketa. Banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera garatu ahal izango dituzte lanak gazteek, nahiaren.
Bigarren edizioa ere 10-16 urteko gazteei zuzenduta dago, eta, lehen edizioan bezala, aurten ere adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek beren herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, batez ere, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Sustapen bideo baten bitartez edo formatu librean aurkeztu ahal izango dira kategoria honetako lanak (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti).
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez, beren herrietako esamolde berezienak eta haien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez, eta azkenik, DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek modu sortzailean bideo bat sortu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz.
Publicidad
Sariak
Kategoria bakoitzerako bideo ereduak zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude ikusgai. Sormen lanak urriaren 24a baino lehen bidali beharko dira.
Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko 'Goazen!' eta 'Irabazi arte!' telesailen produktuetan trukatu ahal izango da.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 22an izango da, Zarauzko Modelo aretoan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión