Opinión

Belarriak eta xerpak

Martes, 22 de octubre 2024, 12:51

Bitxia da fonetikoki zein hurbil dauden 'belarri' eta 'belar' hitzak. Ez dakit etimologikoki senideak izango diren. Itxura batean, urrun samar daude biak, baina ezin ahaztu Atxagak literarioki senidetu egin zituela 'Obabakoak`en: belar gainean etzanda geratuz gero, musker bat sar dakizuke belarritik. Hortik dator, akaso, 'Larri belarri' esaera, eta ez saskibaloiko jokalari ezagunagatik. Edo, agian, Albania izeneko Obabako auzorik urrunenagatik, migratzaileen artean sortutako larriduragatik. Walt Whitmanek ez zuen, nonbait, gurean aski zabaldutako beldur horren berri, 'Belar hostoak'eko poemetako batean honela baitio: «Nagikerian ibili nirekin belar gainean». Obabako askok halakorik ez egiteko eskatuko zioten Walt gaixoari, belar gainean etzanda ez geratzeko, loak har baitzaitzake.

Publicidad

1819an jaio zen Whitman, eta 1892an hil. Van Gogh margolaria, berriz, 1853an etorri zen mundura, eta 1890ean zendu, belarri bat gutxiagorekin eta etsipenak jota. Garaikideak izan ziren, beraz, nahiz margolaria askoz gazteago hil. Zenbatek madarikatu dute egunotan moztutako belarri hura; ez margolari nederlandarragatik, noski, Donostian sortutako musika taldeagatik baizik. Belarri guztiak zeharkatu ditu haien albisteak, xerparen beharrik gabe. Xerpa Martin Zabaletarekin zegoen San Mamesen, beste belardi baten gainean, omenaldia jasotzen Everesten gailur elurtura heltzeagatik, anagrama polemiko eta guzti. Esnatzean, sugea han zegoen oraindik, belar bete belarri.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad