«I have a dream», zioen Martin Luther Kingek. Eraila izan aurretik esan zuen, utopien eta ametsen garaian. Gero, errealitatearen danbateko gogorra etorri zen, eta, horrekin batera, distopiak eta mundu ikuskera ilunak. Euskara tarteko egoera batean dago, ez utopia ez distopia, ez putzu sakon eta ilun, ezta korrikaldi apartsu eta jendetsu ere. Atxagaren Etiopiatik hurbilago bageunde, hobe geundeke, beleak uxatzen, pirotekniarik gabe baratzean. Inoiz baino egitura sendoagoa dugu, kultur-sistema egonkortu bat. Baina datuek eta erabilerek atzera nabarmen goazela diote, ziabogarik gabe.
Publicidad
Guk ere amets bat genuela esan daiteke, Rimbaud gure bila etorriko zela, euskara noranahikoa bihurtuko zela. Eta duela gutxira arte, amets hori betetzea posible zela sinetsi genuen. Hauspotze horretan zerikusi zuzena zuten gure gizarteak bizi zuen politizazioa eta ideologizazio maila. Bi horiek behera egin duten neurrian, ametsa ere lurruntzen joan da. Eta irtenbidea ez da, ziur asko, ideologizazioa eta politizazioa berpiztea eta areagotzea, horien ondorioz irentsi baikenuen euskara noranahikoa izan zitekeela eta bizi izan baikara fikzio moduko batean. Eta horri teknologia berrien «sorpasso»a gehitu behar zaio.
«Amets egiten ez badigute uzten, ez diegu lo egiten utziko», dio gazte mugimendu baten leloak. Calderonek bere erara utzi zigun ohartarazpena: «Oro da bizitza amets/ eta ametsak amets dira». Badirudi anphora zaharrean bueltaka jarraituko dugula, insomnioak jota.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión