CULTURA

Gaur hasiko da, Gernikan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko fasea

Bihar Tolosako Usabal kiroldegian jardungo dira bertsolariak, eta sarrera guztiak salduta daudenez txarteldegia ez da irekiko

DV

Sábado, 9 de noviembre 2013, 02:20

Astebeteko atsedenaldia hartu ondoren, gaur hasiko dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak. Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan eta arratsaldeko 17:30ean dute bertsozaleek bigarren faseko lehen hitzordua, eta sei bertsolari hauek igoko dira oholtzara: Amets Arzallus, Jokin Uranga, Jon Martin, Jone Uria, Julio Soto eta Nerea Elustondo. Bernar Mandalunizek aurkeztuko du saioa eta ez ta txarteldegia zabalduko, sarrera ia-ia guztiak salduta baitaude.

Publicidad

Gaurkoa lehen finalaurrekoa da eta Amets Arzallusek lehen aldiz kantatuko du aurtengo Txapelketa Nagusian. Gainerako bost bertsolariek, berriz, kanporaketetan lortu dute finalaurrekoetarako txartela; Jon Martinek eta Julio Sotok Amasa-Villabonako eta Hendaiako kanporaketak irabazita, hurrenez hurren, eta Uranga, Uria eta Elustondo, lortutako puntuei esker.

Aurreko fasearekin alderatuta, finalaurrekoetan zertxobait aldatuko dira bertsolariek egin beharreko lanak:

. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

. Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.

. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

. Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Finalaurreko bigarren saioa bihar izango da, Tolosako Usabal kiroldegian, hau ere 17:30ean hasita. Kasu honetan ere alferrik izango da txarteldegira joatea; sarrera guzti-guztiak daude salduta.

Sei bertsolari hauek kantatuko dute: Amaia Agirre, Etxahun Lekue, Igor Elortza, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi', Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga. Inaxio Usarraldek aurkeztuko du saioa.

Publicidad

Orain dela lau urteko finalista izateagatik, Unai Iturriaga zuzenean sailkatuta zegoen finalaurrekoetarako. Gainerako bostek, berriz, kanporaketetan lortu dute txartela. Igor Elortzak Legazpiko saioa irabazi zuen eta Etxahun Lekuek, Oiongoa. Beste hirurek lortutako puntuazioari esker sailkatu dira.

Gernika-Lumon irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 23an Elizondon jokatuko den bigarren itzuliko lehen finalaurrekorako, eta Tolosako irabazleak Donostian kantatuko du azaroaren 24an. Gainerako bertsolariek finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioen zain egon beharko dute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad