BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Berrogeita bi lagun ariko dira lehian Lujanbioren ondoan kantatzea lortzeko

Irailaren 29an, Amasa-Villabonan, hasiko da hamaseigarren Bertsolari Txapelketa Nagusia. Hamalau saiok osatuko dute lehiaketa eta orain dela lau urteko finalistak finalaurrekoetan sartuko dira, azaroaren 9tik aurrera

FELIX IBARGUTXI

Miércoles, 18 de septiembre 2013, 10:27

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hamaseigarren edizioa irailaren 29an hasiko da, Amasa-Villabonan, eta abenduaren 15ean amaituko, Barakaldoko BECen. Hirugarren aldia izango da areto hori har-tzen dutena bukaerako jaialdi handirako.

Publicidad

Bertsozale Elkarteak antolatzen duen zortzigarren txapelketa da honako hau. 14 saiok osatuko dute 2013ko lehiaketa eta 43 bertsolari ariko dira kantuan, tartean orain dela lau urteko txapelduna, Maialen Lujanbio. 2009an iragarri bezala, Andoni Egañak ez du parte hartuko, eta bada beste bertsolari bat ere, eskubidea zeukana eta uko egin diona: Iñigo Izagirre itziartarra. Arrazoi pertsonalak direla-eta nahiago izan du etxean geratu. Haren tokia Iñaki Zelaia hernaniarak hartu du.

Bertsolarietan, urte gehien dituena Jon Maia zumaiarra da, 41 baititu. Gazteena, berriz, Lapurdiko Itsasun bizi den Maddi Sarasua, 18 urteko neska baita.

43 parte-hartzaileetatik, 2 Arabatik datoz, 11 Bizkaitik, 21 Gipuzkoatik, 4 Nafarroatik eta 5 Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoatik. 2009eko Txapelketa Nagusiko finalistek eta herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkatuek dute Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea. Orain dela lau urteko finalistak finalaurreko saioetan ariko dira lehian, azaroaren 9tik aurrera. Maialen Lujanbio txapelduna, berriz, finalera zuzenean pasako da.

Bertsozale Elkarteak propio aukeratu du Amasa-Villabona lehiaketari hasiera emateko. «Gure egoitza han dago, eraikuntza Udalarena da eta eskerrak eman nahi diogu guri babes hori emateagatik», adierazi zuen atzo Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Urriaren 5eko saioa Markina-Xemeinen egiteko arrazoia, berriz, da egun hartantxe Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna ospatuko dela bertan, goizean hasi eta egun osoan zehar.

Atzoko argazkia esanguratsua izan zen. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lurralde guztietako ordezkariak bildu nahi izan ditu eta Iñaki Murua lehendakariak honela definitu zuen: «Sekula baino elkarteagokokoa da argazkia». Muruak gaineratu zuen argazkiko bost elkarte horiek batzen eta koordinatzen dituela Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta eskerrak eman zizkion Euskaltzaindiari, aurkezpenerako aretoa uzteagatik.

Publicidad

Aurtengo babesle nagusia Bizkaiko Foru Aldundia izango da. Orain dela lau urte, eta baita aurreko Txapelketa Nagusietan ere Kutxa gipuzkoarra babesle handia izan zen, baina oraingoan ezezkoa eman du. Beste babesleak Getariako Txakolina, Eusko Label Sagardoa, Hazi-Goi Mailako elikagaiak eta Ampo dira. «Egoera aldatu egin da eta, babesle nagusiez gain, beste babesleak bila-tzeko ere ez da erraza izan. Aberastuta ez gara irtengo, garbi dago. Gastuak murriztetik etorri beharko du etekinak», esan zuen Muruak.

Bestalde, Murua lehendakariak esan zuen abenduaren 15ean Barakaldoko BECen bildu daitezkeen 14.000 lagunen kopuru horrek oso garrantzi erlatiboa duela: «Ez goaz zenbakiei begiratzera. Urtean zehar gertatzen diren plazaz plazako zenbakiei erreparatzen badiegu, BECeko hori huskeria da. Urtean mila saiotik goraegin ohi dira, eta horko denak gogoan hartuta joko dugu txalo BECen. Azken finean, bertsoa da bertsolaritzaren oinarria, hori da Txapelketa Nagusiaren sekretua. Egunez egun bertsoa herriz herri, plazaz plaza, eskolaz eskola ibiltzen da Euskal Herriko bazter guztietan. Mugimendu zabala eta dinamikoa da bertsolaritzarena, jende asko dago lan horretan inplikatuta. Eta Txapelketa Nagusia etengabeko jarduera horren isla da».

Publicidad

«Lau urte pasa dira Maialeni ez genekien 'gobera' hitz hori entzun genionetik -jarraitu zuen lehendakariak-. Andoniren zain gaude, badakigu aulkiak ipintzera agertuko dela. Krisia ez da bakarrik ekonomikoa. Sormenean ere badago krisia, eta horri astindu bat eman nahi diogu txapelketaren bidez. Gainera, soiltasunetik azaldu nahi genuke, bestelako adornu eta lore gehiagorik gabe».

Kartela oso minimalista da. «Irudi soil bat, eta positiboa, nahi genuen. Orain dela lau urteko 'montaña rusa' hura pasa zen, eta oraingoan bertsolarien lanean jarri nahi izan dugu begia, eta ez irudian», esan zuen Muruak.

Publicidad

Sintoniari dagokionez, Igelaren Banda taldeak egina da. Jazz kutsuko kantu instrumentala da, herri-musika eta doinu garaikideak uztartzen dituena. Bixente Martinez, Amaiur Cajaraville eta Hasier Oleaga musikari eskarmentudunek osa-tzen dute taldea.

Internet nahiz telebistaz

Elkarren osagarriak diren bi web gune ditu aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak.

Bata Bertsozale Elkartearen www.bertsozale.com da. 2012ko amaieran berritu zuen elkarteak eta bertan Txapelketa Nagusiak azpiatal berezia du. Txapelketari dagokion informazio osoa izango da bertan: parte-hartzaileei buruzko datuak, sailkapenak, albisteak, saioetako laburpenak.

Publicidad

Beste gunea www.bertsoa.com da. Bertsolaritzaren interneteko telebista da, Bertsozale Elkarteak eta Librean kooperatibak elkarlanean egiten duten ataria.

Txapelketa Nagusiak bere gunea izango du www.bertsoa.com-en barruan: saio guztietan bildutako hainbat bertsoaldi, zuzeneko emanaldiak, partehartzaileei egindako elkarrizketak, eta kulturgintzako eta adituen asteroko gogoetak eta iritzi artikuluak.

Gainera, 'Hitzetik hortzera', igandero eta astelehenero EITB-k eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean egiten duten telebistako saioak ahalegin berezia egingo du gertatutako guztiaren berri emateko. Abendu bitartean, Txapelketari eskainitako saio monografikoak izango dira. Igandero arratsaldeko 15:00etan eta astelehenetan 23:15ean, asteburuan gertatu denari jarraipen zabala eskainiko dio telesaioak.

Noticia Patrocinada

Txapelketaren koordinatzaile-lanean Jokin Castaños ariko da. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkaria da, Galdamesen jaioa eta bertsotan jardundakoa.

Baita ere, gai-jartzaileen eta epaileen taldeak osatuko duten lagunen izenak jakinarazi zituzten atzo. Hauek jardungo dira epaile: Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Eneko Bidegain, Eneritz Azkue, Gorka Intxaurbe, Iñaki Aurrekoetxea, Jon Abril, Josu Telleria, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Martin Aramendi, Mikel Beaumont, Mikel F. de Arroiabe, Mikel Lersundi, Mirari Azula eta Nerea Bruño.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad