20 urte Lazkao Txiki gabe
Lazkaotarrek gogoan dute bertsolari handia eta igande honetan ohiko omenaldia eskainiko zaio
OLATZ ELOSEGI
Miércoles, 17 de abril 2013, 02:19
1993ko apirilaren 3an hil zen Lazkao Txiki, duela 20 urte, beraz, eta denborak azkar aurrera egin arren, goierritarrek, baina bereziki lazkaotarrek, ez dute ahaztu tamainaz txikia baina talentuz izugarria zen bertsolari handia. Hala, aurten ere, Joxe Migel Iztueta gogoratzeko ekintzak egingo dira Lazkaon hura hil zeneko dataren bueltan. Aurtengoan apirilaren 3a Pazko Astean tokatu denez, asteburu honetara arte atzeratu da Gerriko kultur elkarteak, Udalarekin, bertsolariaren izena daraman musika eskolarekin, Oin Arineko dantzariekin eta Goierriko bertso eskolarekin batera antolatu ohi duen omenaldia.
Publicidad
Hala, ostiral honetan, bertso-afaria izango da Lazkaomendiko Lartxai Elkartean, Uxue Alberdi eta Onin-tza Enbeitarekin. Eta igandean, 12:30 inguruan, Lazkao Txiki Zelaian, bere irudiaren aurrean, bertsoak, musika, dantza...
20 urteotan, oroitzapen-ekitaldi honen antolatzaileek ez diote hutsik egin Iztuetarekin duten hitzorduari, nahiz eta pentsatu agian, bertsolariari berari grazia handiegirik ez ziola egingo. Inguruko denek azpimarratzen dute-eta oso umila zela. Baita zuzena ere. Asko sufritutako gizona, dena estu hartzen omen zuen. Albokoak, ordea, beti barrez uzten omen zituen, bere bertsoek agerian uzten zuten umore berezi harekin. Lazkaomendiko Abalin baserrian jaioa, 1926an, umea zela Espainiako Gerra Zibila ezagutu zuen eta soldaduzka egitera Afrikara joan behar izan zuen bi urterako. 1943an, hamazazpi urterekin kantatu omen zuen lehen aldiz plazan, Basarri eta Saiburu bertso lagun zituela. Jendaurreko azken bertsoa 1993ko urtarrilean bota zuen, berriz, Santi Onaindiari eta Alfontso Irigoieni egin zitzaien omenaldian.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión