Leaburu-Txarama
Txaramako bidegorria egin eta errepidea luzatuko duteGipuzkoako Foru Aldundiak eta Leaburu-Txaramako Udalak hitzarmena sinatu dute obrak elkarlanean egiteko
Kilometro eta erdi inguru gehiago izango du Tolosaldeko bidegorriak. Leaburu-Txaramako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute Amarotzetik Txaramara doan bidegorri zatia luzatzeko.
Obrak 631.253,94 euroko aurrekontua du eta bost hilabetetan gauzatzea aurreikusten dute. Lanen finanatzaketa bi erakundeen artean banatuko da eta horren baitan, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak 245.896,69 euroko laguntza emango du. Lanak urte amaieran hasi eta 2026ko lehen hiruhilekoan amaitzea espero dute.
Bizikletak eta oinezkoak
Obrak 631.253,94 euroko aurrekontua izango du, eta bost hilabetetan gauzatzea aurreikusten dute
Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatuak proiektuak eskualderako duen garrantzia adierazi zuen akordioaren sinadura ekitaldian. «Proiektu honekin Txarama eta Tolosa modu seguru eta iraunkorrean lotzeko funtsezkoa den bizikleta eta oinezkoen ibilbide bati jarraipena ematen diogu, eta, aldi berean, trafiko intentsitate handia jasaten duen zeharbide baten bide segurtasuna hobetzen dugu», azpimarratu zuen. «Lurralde kohesioa Gipuzkoako gakoetako bat da, eta horrek esan nahi du baita ere herri txikienek ongizatean eragiten duten azpiegitura seguruak eta kalitatezkoak izango dituztela bermatzea».
Joxe Ramon Eizagirre Leaburu-Txaramako alkatearen esanetan, bidegorriaren adar hau luzatzearekin «leku publiko berriak irekitzen dira oinez eta bizikletaz mugitzeko, bai auzoan zehar ibiltzeko bai Tolosara joateko. Horrek auzotarren arteko harremanak estutuko ditu eta auzoari bizitasuna emango dio».
Bidegorriaren zati berria Atarieder eta Ibaigain etxeen parean abiatuko da, orain dagoenaren jarraian. 1.340 metro inguru luzatuko da, Baratzondo Berri eta etxeen artera iristen den espaloiaren amaieraraino, zehazki GI-2135 errepideko 2,020 kilometro-punturaino. Obraren helburua tokiko eta eskualdeko errepide baten berezko beharrak bateragarri egitea, aldi berean segurtasuna eta irisgarritasuna indartuz.