Mendiola sagarra Simon Aizpururenean. T. Madinabeitia
Ordiziako azoka

Mendiola sagarra, Errezildik iritsiko den azken sagar mota

Loratzen den lehena da, eta biltzen den azkena; Mugarrieta baserriko Aizpuruk jarri du salgai

Tere Madinabeitia

Ordizia

Miércoles, 3 de enero 2024, 19:48

Ordiziako ferian ia astero dago berritasunen bat, eta asteazken honetan ere izan zen zer aipatu, Errezildik iritsitako Mendiola sagarragarekin. Gozoa da jateko, eta horri esker gozatu zen zertxobait goiza, iluna eta tristea izan zelako hasieran behintzat. Hotzik egin ez bazuen ere, eguraldiak ez zuen asko lagundu plaza barruan nabaritzen hasi diren hutsuneak ahazteko. Saltzaile batzuk erretiratu egin dira, eta beste batzuk salmenta denboraldia amaitu dute eta ez dira udaberrira arte itzuliko.

Publicidad

Oraintxe, feria ez dago bere garairik onenean, baina Plaza Nagusiak ohiko martxari eustea lortzen du astetik astera, eta beti bezala, atzo ere ez zen erostekorik falta, ez barazki, ez fruta, ez ezti, ez ogi, ez gazta ez gozoki aldetik.

Barazkiei dagokienez, garai hauek produktu berriak ikusteko egokienak ez direla esan behar da, baina daudenak, ugari daude, eta horren erakusle garaian garaiko produktuz beteta ikusten diren postuak dira: kanpoan hazitako azak, azaloreak, brokoliak, porruak, azenarioak edo eskarolak batetik, negutegiko letxugak, borrajak, ziazerbak, tomateak edo piperrak bestetik, guztien artean mahai koloretsuak osatzen dituzte.

Fruten atala, eta bereziki sagarrena, nahiko emankor dago, are gehiago atzotik, mota berri bat, eta azkena, iritsi zelako Errezilgo Mugarrieta baserritik: Mendiola. Simon Aizpuruk aurkeztu zuen, eta loratzen den aurrena izanda, biltzen den azkena dela azaldu zuen, eta gero ontzen utzi behar dela gainera. Mendiola sagarra azal lodikoa da, eta zapore handikoa, «gozo-gozoa, gordinik jateko aproposa eta sagardoa egiteko txispaduna». Kiloa 3,5 euroan zuen salgai.

Simon Aizpuruk hilabete gutxi batzuk daramazki Ordiziako ferian salmenta lanak egiten, udaberrian bat-batean hil zitzaion Jose Antonio anaiari jarraipena emanez. Pozik dago momentuz salmenten martxarekin, anaiak bezeroen artean ereindakoa jasotzen ari delako.

Publicidad

Sagarrekin batera, limoiak ere aipatu behar dira, Altzagakoak daudelako salgai Plaza Nagusian. Limoi kiloa 2 euroan dago, eta saltzaile batek aipatu zuenez, «zapore handikoa, eta oso ona» da Goierrin hazitako hau.

Perretxikoen atala, azkenik, ez dago oso emankor azken aldian. Atzo Mikel Lasak hiru kilo mendiko angula (kiloa 22 euroan) eta bi kilo saltsa perretxiko beltz (kiloa 22 euroan) besterik ez zituen jarri salgai.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad