Esther Ilarramendiren postua. T. MADINABEITIA
Ordiziako Azoka

Azaren familiako produktuen eskaintza handitzen doa

Azalorea, brokolia eta bruselaza iritsi berriak dira, eguraldi hotzagoko jatorduei begira

Tere Madinabeitia

Ordizia

Jueves, 16 de octubre 2025, 02:00

Oraindik ez dira eguraldi hotzak iritsi, baina Ordiziako feria hasi da garai horiei begira eskaintza moldatzen. Duela gutxi hasi dira azak, eta atzo iritsitako barazki berriak familia haztera datoz. Lehendik zeuden aza liso eta kiskurrekin batera, aurreran-tzean azalorea edo bruselaza ere izango dira aukeran Plaza Ngusiko postuetan.

Publicidad

Ibarratik iritsi dira aurten denboraldiko lehen azaloreak, eta Iguategiko zein Monteseko postuetan zituzten salgai, pieza bakoitza 2,5 eta 3 euro artean. Brokolia ere bi postuetan erosi zitekeen, 2,5 euroan, eta Iguategiko Esther Illarramendik romaneskua ere bazuen, hori ere 2,5 euroan. Monteseko Arantxa Iparragirrek, berriz, lonbarda edo aza morea zuen salgai, 2,5 euroan pieza, eta bruselazak ere bazituen, horien kiloa 6 euroan.

Azaren familiako produktuak Goierrin ere ekoizten dira, eta Segurako Iñaki Intxaustik bimia aurkeztu zuen. Brokoliaren antzekoa da baina «finagoa jateko». Sorta 2 euroan zuen.

Garai hotzei aurre egiteko prest dago, beraz, azoka, baina uda ahaztu ezinik ere badabil, oraindik urtaro horretako produktu asko daudelako aukeran. Leka da horietako bat, txapala, gorria, zein borobil berdea eta beltza. Piperrak ere ugari daude, mota askotakoak gainera: pipermina, piper berde italiarra, morroa, Gernika, Kalifornia eta Landetako gozoa. Tomatea ere badago, baita kuiatxoa ere. Horiek gustuko dutenek ez dute dagoeneko feria asko erosteko, laster agortuko direlako, tomatea izan ezik, Uzinek agindu duenez, Gabonak ingurura arte izango dituelako.

Eta uda igarota eta udazken bete-betea den honetan, perretxikoak ere ugari daude, aukerari dagokionez behintzat. Ez du euririk egin aspaldi, eta bertako mendietako eskaintza urria da oraindik. Hala ere, Altzagako Arantxa Lopetegik baitzituen onddoak, ziza horiak eta gibelurdinak. Horiek, eta Lasarenak eta Barcinarenak elkartuta, hauxe izan zen eskaintza: 184 kilo onddo (28-36 euro artean kiloa), 30 kilo ziza hori (22-28 euro), hamarna kilo mendiko angula eta saltsa perretxiko beltz (biak 28 euro), sei kilo gibelurdin (28 euro), eta hamar kilo niskalo (25 euro).

Urtaro honetakoak dira intxaurrak ere. Duela aste batzuk irtisi ziren lehenak, eta orain Simon Aizpuruk Errezilgoak ditu salgai, kiloa 6 euroan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad