Nerabeentzak ekintza ugari uda honetan Bele Gazte gaztelekuan
Izena emateko epea ostirala arte irekita egongo da
EDURNE ALBIZU
Larunbata, 4 ekaina 2022, 00:06
Zegamako Bele Gazte gaztelekuan ekainak 22tik uztailak 26ra bitartean ekintza ugari antolatu dituzte, abuztuan gaztelekua itxi aurretik. Ekintza hauek 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta egongo dira eta hauetan parte hartzeko izen ematea irekita dago ekainaren 3tik ekainaren 10a arte, derrigorrezkoa izango delarik izena ematea antolatutako ekintzetan parte hartzeko.
Gaztelekuko hezitzaileek nerabeekin aurrez adostu zuten programazioa, eta beraien nahiak eta iritziak kontutan hartuta 6 asteko proposamen erakargarria osatu dute. Udako lehen ekintza ekainaren 23an egingo dute, Elor Txikira mendi irteera eginez. Ekainaren 28an, Anduetza Parketxekoen laguntzarekin, Intxaustiko Errota ikusiko dute eta ondoren buztinarekin ontziak egingo dituzte. Ekainaren 30ean igerilekuan jolasak burutuko dituzte. Uztaileko lehen astean, beste bi ekintza izango dituzte; uztailaren 5ean Segurara txangoa egingo dute bizikletaz eta bertako turismo bulegokoekin Seguran zehar orientazio froga bat burutuko dute. Uztailaren 7an berriz, Zegaman bertan, altxorraren bila arituko dira herriko txoko desberdinetan.
Urtero bezala, aurten ere bi egunetako txango bat antolatu dute gaztelekutik, Sobrongo abentura parkera eta inguruko herrixkak ezagutzera joango direlarik uztailaren 12 eta 13an. Uztailaren 19an, beroari aurre egiteko, sukaldaritza saioa izango dute, koktel frexko batzuk eginez. Kirolari ere bere lekua emango diote ekintzetan, uztailaren 21ean zumba saioa eta volleyballa eginez.
Azkenik, kurtsoari amaiera emateko, uztailaren 26an Murgizelai parkean afaria egingo dute eta egun honetan bertan, ikasturteko balorazioa eta bingo jolasa egingo dituzte.
Ekintza hauetan izena emateko epea irekita egongo da ekainaren 3tik ekainaren 10era eta epez kanpoko izen ematerik ez da onartuko.