Ibarrako Uzturpek antolatuko du 2022koa
Ilusioz eta hunkituta hartu dute Uxue Sukia Uzturpe ikastolako zuzendariak eta Amaia Lasa lehendakariak lekukoa
2021koa oraindik bukatu ez denean, 2022 KMKerako lehen urratsak eman dira dagoeneko. Izan ere, gaur bertan jaso dute Ibarrako Uzturpe ikastolako arduradunek hura antolatzeko ardura ematen dien lekukoa, Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletako lehendakarien eskutik. Festa giroan eta txalo artean iritsi da lekukoa Jakintzako atarira, goizean, euripean, Beasain, Lazkao eta Ordizia lotzen dituzten bideak zeharkatu ostean. Musikaz lagunduta, bizikletan eraman dute hiru ikastoletako ordezkariek batetik bestera. Ilusioz eta hunkituta hartu dute Uxue Sukia Uzturpe ikastolako zuzendariak eta Amaia Lasa lehendakariak.
Noticia Relacionada
Elkarlanaren Kilometroak abian Goierrin
«Eskertu nahi diogu KMK Kultur elkarteari egoerak egoera guregan konfiantza izaten jarraitu eta 2022kko jaiaren ardura guregan uztea. Ohore handia da ikastolarentzat eta orohar ibartar guztientzat lekuko hau hartzea», azaldu dute. «Baina ohoreaz gain, ardura, ilusioa, emozioa eta erronka ere badira guretzat 2022ko KMK Ibarra bezalako herri txiki batek antolatzea. KMK ereduaren inguruan hausnarketa lan handia egin da eta tamalez pandemiaren ondorioz ezin izan da azken bi urteotan nahi bezala gauzatu. Beraz, bide honetan ikasikakoak jaso, elkarlanerako eredua bereganatu eta ideia freskoak txertatuz gure ekarpena egiten saiatuko gara Gipuzkoako Ikastolon jaiari. Horretaz gain hau ere bada guretzat aukera batetik Ibarra herriagoa egiteko eta baita ere gure ikastolaren balioaren KMK eredu berrian islatzeko. Beraz hazia erein dugu hemen, martxan dugu elkarlana, eta zuen lekukoa hartu ondoren, bihartik aurrera 2022ko gure KMK partikularra den baratza lantzeari ekingo diogu Ibarran uzta oparoa izan dezagun».
Gipuzkoako Ikastolek abian jarritako Kilometroaken aro berriari beste urrats bat egingo zaio hala.