Tolosaldea
Jolasteko garaiaLizartza, Zizurkil, Alkiza eta Elduainen jaietan jarraitzen dute egitarau betearekin
Jolasa izan zen nagusi larunbat honetan Tolosaldeko herrietako jaietan. Haur eta gaztetxoek elkarrekin jolastu zuten Zizurkilen Irrika Aisialdi taldeko begiraleek prestatutako jokoetan. Jolasez gain, marrazkiak egin eta aurpegia margotzeko aukera ere izan zuten goiz osoan. Jarraian, buruhandiak atera ziren eta kori ugarri egitea tokatu zitzaien beraien aurretik. Ondoren, Bernardaren herri bazkaria izan zuten herritarrek.
Igande honetan goizeko 11:00etan sardina eta sagardo dastaketa egongo da eta eguerdian 2024an jaio ziren haurrei ongi etorri ekitaldia egingo da, zapia banaketarekin. Ondoren, apar festa egingo da. Bazkalondoren, IV. Xake eta XV. Joxe Arregi Mus Txapelketak jokatuko dira, 16:30ean erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da eta, 19:00etan bingo musikatua egongo da.
Lizartzan, berriz, euskal mitologiako pertsonaiekin kalejira egin zuten Iskidi taldearen eskutik. Galtzagorriak, basajaun, akerra, herensugea, hartza, Otsoko... denetarik egon zen. Herriko gaiteroek ireki zuten desfilea. Atzetik, pertsonaia mitologikoek herriko kaleetan zehar ibili ziren, bidetik gurutzatzen zituzten herritarrak agurtuz. Haur eta gaztetxoek bihurrikeriak ere sufritu zituzten. Gustura korri egin zuten hartza, galtzagorri eta mikelatsetatik ihesi.
I)gande honetan Lizardi txistulari taldeak joko du Diana eta 11:30ean haurren arteko pelota partiduak jokatuko dira. 12:30ean dantza soka eskainiko da plazan, jarraian Otsolar Dantza Taldearen emanaldia egongo da. Bazkalondoren, Mus Txapelketa Txirrita Elkartean eta 17:00etan, herritarren arteko erronka jokatuko da. 19:00etan Janus Lester taldearen kontzertu akustikoa.
Gainera, Elduainen haur eta helduentzako toka txapelketa antolatuko da 11:00etatik aurrera eta eguerdian hamaiketako herrikoia eskainiko da plazan. Arratsaldean, 17:30ean txokolate beroa banatuko da, 18:00etan, Tio Teronen semeak taldeak 'Haurreskolari' ikuskizuna aurkeztuko du. Ondoren, Joxe Mendizabalekin erromeria.
Alkizan, berriz, profesionalen arteko herri-kirol jaialdia antolatuko da 12:00etan. Segidan, txakolin dastaketa. 17:30ean, Aukeran dantza taldeak Aiurri emanaldia eskainiko du.