Jai giroa bueltan izango da beste urte batez ostiraletik aurrera
Astelehena bitarte hainbat ekitaldi antolatu dira
J. Zabala
Alegia
Astelehena, 10 uztaila 2023, 17:30
Uztailaren 14tik 17ra ospatuko dira 2023ko Alegiako jaiak. Ostiral arratsaldean haurren Santos futbol torneoko finala jokatuko da 17.00etan eta 18.00etan Alegiako eta Billabonako erraldoiekin, buruhaundiekin, Loatzo musika eskolako musikariekin eta Giroarte dultzaina taldearekin kalejira egingo da Larraitz auzotik plazaraino. 19.00etan udal talde berriak botako duen txupinazoarekin hasiko dira festak eta Txintxarria jaitsiko da. Gauerdian Ezpalak eta Bad Sound taldeak ariko dira plazan.
Larunbata Giroarte dultzaina taldeko kideen dianarekin esnatuko da eta eguerdian sagardo dastaketa izango da sardina eta txorizo erreekin. Arratsaldean, Jokai, euskal mitologian oinarrituriko jolasak izango dira 17.00etan eskolan eta merienda banatuko da. 19.00etan bertsolariak izango dira plazan. Zahagiardoaren ostean Kaiña-Bi Trikifarrarekin kalejira izango da eta gauerdian DJ Risas ariko da plazan.
Trial erakustaldia
Igande goizak hitzordu bat dakar berarekin Alegiako jaietan. Herriko txistulari ohien diana izango da eguneko lehen hitzordua. 11.00etan Alegiako erraldoien eta Giroarte dultzaina taldearen kalejira izango da. 12.15ean Golden Apple Quartet taldearen kontzertua izango da plazan eta Iraunkorrak txaranga kalez kale ibiliko da egun osoan zehar. 17.00etan sokamuturra izango da plazan eta 18.30ean dultzainero eta erraldoiak bueltan izango dira. 19.00etan bike trial erakustaldi bat egingo du Benito Rosek eta Larraitz auzoan egingo den zahagiardoaren ostean, Mugi panderoa taldearekin erromeria izango da plazan.
Astelehenean, goizeko 9.00etan jubilatuen mendi irteera abiatuko da eta 9.30ean Eider eta Maider trikitilariekin kalejira izango da. 11.00etan jubilatuen hamaiketakoa eta bingoa izango dira. 11.00etatik eta 16.30etik aurrera haur parkea zabalik izango da eskolan. Arratsaldean, herritarren arteko toka txapelketa egingo da 18.30ean eta 19.30ean Joxe Mendizabalekin erromeria izango da. Azken zahagiardoaren ostean, Sutarri dantza taldearen emanaldia izango da plazan eta Joxe Mendizabalen erromeriak jarraipena izango du. Gauerdian Txintxarriarekin agurtuko dira jaiak.