San Inazio jaien egun handia, gaur
NUÑEZ
ALTZO.
Asteartea, 31 uztaila 2018, 00:36
Festetako egun nagusia izango da gaurkoa Altzon. Ekitaldiz betetako asteburuaren ondoren, atzo haurrentzako jolasak antolatu ziren goiz guztian. Herriko txoko ezberdinetan ur jokoak, zaku karreran, koxkola apustuan... eta abarretan aritu ziren. Amaieran guztientzako hamaiketakoa banatu zen plazan.
Gainera, Artea eta Alurr dantza taldeek jaietako emanaldi berezia eskaini zuten frontoian. Adin guztietako dantzariek parte hartu zuten, txikienetatik helduenetarako. Lehenengo zatian dantza tradizional eta koreografia berriagoak eskaini zituzten. Azken ordu erdian herriko zein Alurr taldekoek 'Maruxa' ikuskizuneko laburpen bat aurkeztu zuten. Frontoia bete zuten ikusleek gogoz txalotu zuten dantzarien lana.
Era berean, Euskadiko Sega Txapelketako finala ospatu zen igande goizean Santillazpiko zelaian Almitza Elkarteak antolatuta. Ikusle ugari elkartu ziren, bai zelaian bertan, bai Batzarremuñoko balkoian, segalariak animatzeko. Lau maila ezberdinetako txapelketa jokatu zen, mutil eta neska gazteak, emakume eta gizonezkoak. Amaieran, bederatzi eta hamar urteko haurrek erakustaldia eskaini zuten.
Altzoko saioa Liga txapelketako hirugarren eta azkena izan zen, Etxalekun eta Berastegin jokatutakoen ondoren. Horregatik, jardunaldiko irabazleei saria eman zitzaien eta Ligako sariak ere banatu ziren. Gazteen mailan, nesketan Maide Garmendiak irabazi zuen eta mutiletan Arkaitz Gabirondok. Emakumeetan Ainara Otamendi izan zen garailea eta gizonezkoetan Julen Gabirondo.Sari berezi bat eman zioten Joakin Garmendiari, belarra txukunen moztu zuena izan zelako.
Euskadiko Txapelketari dagokionez, nesketan Maide Garmendia izan zen irabazlea, Sheila Sarasola bigarren eta Angels Breto hirugarren. Mutiletan, Amaiur Arrospide da aurtengo txapelduna, Iñigo Etxabe bigarren eta Mikel Lizartza hirugarren. Emakumeetan, Alaitz Imazek lortu zuen txapela, Ainhoa Mazkiaran bigarren eta Ainara Otamendi hirugarren. Gizonezkoen mailan, Julen Gabirondo izan zen irabazlea, Jesus Mari Goenaga bigarren eta Miguel Mari Jauregi 'Altzo' hirugarren.
Gaurko egitaraua
Gaur goiz eresia izango da 9:00etan, meza nagusia 10:00etan eta txakolin dastatzea 12:30ean. Dastaketaren baitan toka txapelketa antolatuko da. Arratsaldean, Kukai dantza konpainiak 'Gelajauziak' ikuskizuna aurkeztuko du 18:00etan. Ondoren, Joselu anaiak taldeak girotuko ditu jaiak 22:30ean bertso jaialdira bitartean. Sustrai Colina, Andoni Egaña, Malaien Lujanbio, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Haritz Mujika bertsolariek parte hartuko dute, Manu Olano izango da gai jartzailea. Ondoren, jaiei amaiera emateko, Joselu anaiak taldearekin dantzaldia gauerditik aurrera.