Josu Urrestarazu Adunako mendi duatloiko eta Euskal Herriko txapeldun
IKER AIZPURUA
Asteazkena, 12 urria 2022, 00:14
Larunbat arratsaldean, Adunako mendi duatloiaren IV. edizioa ospatu zen. Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko probako puntuagarria den proba izan zen eta bertan izan zen Josu Urrestarazu idiazabaldarra. Oso ondo aritu zen eta 1.06.10eko denborarekin, duatloia irabazi zuen. Bigarren, Eneko Gurrutxaga amasarra iritsi zen 38 segundura eta ia hiru minutu beranduago iritsi zen podiuma osatu zuen Paul Bereziartua durangarra.
Lasterketa bizi eta lehiatu bat izan zuen Urrestarazuk eta azkenean, lehenbizikoa izan zen helmugako lerroa gurutzatzen. Garaipen honekin, kopako laugarren garaipena eskuratu eta hirugarrenez jarraian, Euskal Herriko txapela lortu du. Zorionak!
Oilagor ehiza
Oilagor ehizarako txartelak iritsi direla jakinarazi dute udaletik. Hauek jasotzeko aukera, udaletxeko harreran izango da 8:00etatik 14:30era. Ostiralean berriz, 14:00ak arte izango da jasotzeko aukera.
Hip hip urri!
Hip hip urri! Ekimeneko tailer artistikoak egingo dira ostiralean Idiazabalen. Bi saio izango dira. Lehena, 17:00etan eta bigarrena berriz, 18:45ean. Azken plazak geratzen direla jakinarazi dute udaletxetik eta plaza erreserbatzeko, 943 31 04 61 telefonora deituaz edo ikertze@ikertze.net helbide elektronikora email bat bidaliz erreserbatu beharko da.
Ikastaroak
2022-2023 ikasturteko ikastaroetako froga aldia amaitzera doa. Ikastaro hauetako batean baja eman nahi izanez gero, Udaletxean edo udaletxeko web orriaren bitartez, online egiteko aukera izango da urriaren 15a baino lehen.