Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

Ver fotos

Ane Mintegiren garaipena emozio handiz bizi dute Idiazabalen. Iker aizpurua
Wimbledon

Txaloak eta malkoak Idiazabalen: «Guretzat beti izan da onena»

Plazan jarritako pantaila erraldoian jarraitu zuten partida hainbat herritarrek, tartean izan ziren Mintegiren gurasoak eta lagunak

Iker Aizpurua

Idiazabal

Domingo, 11 de julio 2021, 15:25

Izugarrizko balentria egin zuen arratsaldean Ane Mintegi idiazabaldarrak Grand Slam junior bat irabaziaz. Egun berezia izan da gaurkoa Idiazabalen.

Publicidad

Goizean goizetik nabari zen hala izango zela. Herriko kafetegi eta dendetan ez zen beste ezer entzuten, Mintegik bezperan finalera heltzearekin egindako balentria baino. Aitonak ere lanak izan zituen egunkaria erosterakoan Aizpearen kioskora iristeko. Ematen zuen pauso bakoitzeko bilobak eginikoa goraipatu eta zoriontzeko gelditzen baitzuten. Lehen ordutik herriko WhatsApp talde guztietan Ane Mintegiren finaleko ordua noiz izango zen jakin nahian zebiltzan herritarrak. Udalak partidua zuzenean ikusteko plazan jarritako pantaila erraldoiaren aurreko aulki guztiak segituan bete ziren. Partida hasi aurretik, Ane Mintegiren argazki handi bat ikus zitekeen pantailan 'Mintegi Egurre!' esaldiarekin.

Finala kalean jarritako pantaila handian ikustera hurbildu ziren ikusleen artean zeuden baita ere Mintegiren gurasoak eta gainerako familia. Horrelako momentu garrantzitsu batean ulertzekoa den moduan, oso urduri zeuden etxekoak. Mintegiren kuadrillako lagunek ere ez zuten hutsik egin nahi izan. «Ilusio handia egiten digu hor dagoela ikusteak», zioten. «Guretzat beti izan da onena eta irabazi edo galdu horrela izaten jarraituko du» gaineratu zuten lehia hasi aurretik.

Mintegiren kuadrila, oso harro izaldarrak lortutakoaz. Iker Aizpurua

Partiduaren hasieran, aurreneko setean, kezka nabaria zen bertaratutakoen aurpegietan, baina itxaropena ez zuen inork galdu nahi. Bigarren setean, aurpegiak aldatzen hasi ziren, ilusioa piztu eta txalo zaparradak ere ugaritu egin ziren. Azkenik, hirugarren setean, giroa erabat berotu zen, eta tanto bakoitza garaipenaren pare ospatu zen.

Aneren garaipena iristear zegoela nabaria zen eta urduritasunarekin bat baino gehiagok nahiko lan zuen aulkian eserita mantentzeko. Idiazabalen aspaldian entzundako txalo zaparradarik handiena entzun zen garaipeneko tantoa egin zuenean baita idiazabaldarrak garaikurra altxatu zuenean ere.

Publicidad

Ez ziren gutxi izan besarkadak eta zorion mezuak Idiazabalen partida ikusteko elkarturikoen artean, eta emozioak negar malko bat edo beste ere utzi zuen. Denen aurpegietan poza ikus zitekeen. Ane animatzen jarraitzeko, herrian zaletuen talde bat sortu beharko dela ere esan zuen gazte talde batek. Idiazabalgo Udalak zorion mezua helarazi zion Mintegiri, egunero ez baitu herritar batek Wimbledoneko sari preziatuena eskuratzen.

Igande honetan bezala, astelehen honetan ere Aneren garaipena hitzetik hortzera izango da idiazabaldar guztien artean. Etxera bueltatzen denean merezitako ongietorria eskaintzeko prest dira herritarrak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad