Idiazabal
Armarriaren 400. urteurrena ospatu du IdiazabalekUdalbatzak bilera berezia egin zuen, eta udal ordezkari guztiek argazkia atera zuten armarriaren 1624ko ziurtagiria eskuetan zutela
Urriaren 25ean bere 400. urteurrena ospatu du Idiazabalgo armarriak, eta horrek herriaren historia eta identitatea ezagutzeko aukera eman die herritarrei. Hain zuzen ere, 1624ko urriaren 25ean, Idiazabalgo armarriaren ziurtagiria jaulki zen, eta dokumentu historiko hori udal artxiboan gordetzen da oraindik. Jeronimo de Villa arma erregeak diseinatu zuen armarria, herriaren nortasuna sinbolizatuko zuen ikurra, eta horren lehenengo marrazkia agiri honetan jasotzen da.
Idiazabal 1615ean Seguratik banandu zen eta udalerri titulua lortu zuen, erregeak onartu ondoren. Tituluaren ondoren, herriak bere nortasun juridikoa sinbolizatuko zuen ikurra eskatu zion erregeari. Felipe Urbizuk, udal ordezkari gisa, erregeari egin zion eskaera, eta Jeronimo de Villa heraldika adituak sortu zuen herriaren ikur bihurtuko zen armarria.
Armarriaren marrazki historikoan bi izar eta otso beltz bat ageri dira; otsoa armarriaren elementu nagusia da, nahiz eta hasiera batean askok azeria izan zitekeela pentsatu zuten. Jeronimo de Villaren deskribapenak dioenez, armarriak bi izar urre koloreko hamar izpikoak eta beheko aldean, otso beltz bat ditu, gorriz margotutako mihi eta gorputzarekin. Armarriaren elementuak modu arbitrarioan hautatu ohi ziren garai hartan, eta, kasu honetan, diseinua egilearen esku egon zen.
Ostegunean, urteurrena ospatzeko, Udalbatzak bilera berezia egin zuen, eta udal ordezkari guztiek argazkia atera zuten armarriaren 1624ko ziurtagiria eskuetan zutela. Agiri originala Idiazabalgo Udal Artxiboan gordeta dago, eta bertako herritarrentzako ondare historiko baliotsua da.