Ibarra
Bista Ona eremuan ingurune naturala berreskuratzeko lanak egiten ari diraLandaredia autoktonoa sustatu eta espezie inbaditzaileak kentzeko lanak egingo dira
Amaia Núñez
Astelehena, 6 martxoa 2023, 21:41
Ibarrako Udalak eremu degradatuak leheneratzeko eta berroneratzeko diru-laguntza eskatu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundia inguru-naturala eta azpiegitura berdea hobetzeko lanak egiten ari da Bista Ona eremuan. Lan hauekin landarediak duen lurzorua babesteko fun- tzioa handitu nahi da, kalitatezko eta denboran iraunkorra izango den landare-estalkia ezarriz.
Bista Ona eremua Euskal Herria 11tik 17 zenbakiko eraikinen atzealdean kokatzen da eta 8.800 metro koadro inguruko lurzorua du. Horrela, landarediaz gain, eraikin horien atzean dagoen aparkalekuen gainaldetik, Izaskunera doan bidearekin bat egiten duen eremu horretan, oinezkoentzako aisialdirako bidea egitea aurreikusten du Ibarrako Udalak proiektuaren baitan.
Gaur egun, hainbat landare espezie hazten diren larrea da. Aurrera eramaten ari diren lanen baitan, landaredi autoktonoa sustatuko da eta flora aloktonoaren eta inbaditzailearen presentzia zein agresibitatea ere mugatu nahi da. Horrela, 'Cotoneaster' landare inbaditzailearen gehiegizko presentzia ezabatu da; sakabanatuta aurkitzen ziren 'Cortaderia' edo Panpa-belarra aleen ezabatze mekaniko-kimiko konbinatua egin da; 'Robinia' zuhaiztiak ahulduta edo lehor daudela dirudienez ez dute bertan esku hartu oraingoz, bat-bateko birsorkuntza ez suspertzeko; eta Eukalipto zuhaitz ale bakarra dagoenez, tamaina handikoa, momentuz bere lekuan utzi dute, berau ordezkatu dezakeen zuhaitz-geruza garatzen den arte.
Kendutako zuhaixka eta zuhai-tzak ordezkatzeko, espezie autoktonoak aukeratu dira, lurzorua babestuko dutenak. Zortzi espezie dira zehazki, bakoitza ondorengo proportzioan: Haritzak (Quercus robur) %30ean, lizarra (Fraxinus excelsior) %30ean, Astigar arrunta (Acer campestre) %10, Urkia (Betula pubescens) %10, lertxuna (Populus tremula) %5, Ametza (Quercus pyrenaica) %5, basagereziondoa (Prunus avium) %5, eta otsalizarra (Sorbus aucupari) %5. Lanak hasita daude eta bi asteetan amaitzea aurreikusten dute.