Ibarra
'Argialdia' akuarela erakusketa bihartik aurrera Kultur EtxeanXantos Agirrezabalaren hogeitabost margolanez osatutako erakusketa egongo da ikusgai apirilaren 5a bitartean
AMAIA NÚÑEZ
ibarra.
Larunbata, 11 martxoa 2023, 21:39
Ibarrako Kultur Etxeak erakusketa berri bat hartuko du astelehenetik aurrera. Xantos Agirrezabala herritarrak 'Argialdia' akuarela erakusketa inauguratuko du bihar.
Xantos Agirrezabala diziplina anitzetan aritu izan da. Ohikoena argazki makinaren atzealdean edota musikari lanetan ikustea izan bada ere, bestelako arlo artistikoetan ere moldatzen da, pinturan besteak beste, 'Argialdia' erakusketan adierazten duen bezala. Kultur Etxean hogeitabost lan erakutsiko ditu, akuarelarekin eginak. Gehienak Ibarra herria dute gai nagusitzat edota inspirazio iturritzat, baina eskualdeko herriak zein bestelako paisaiak ere erakusten ditu.
Autodidakta izan da margolaritzan, gaztetatik izan baitu zaletasuna, bereziki akuarela. Hala ere, jubilatu zenean, kultur etxeko pintura ikastaroan izena eman zuen eta zaletasun honi denbora gehiago eskaintzen dio gaur egun. «Akuarela exijentzia handia duen teknika azkarra da, tentsioan jartzen zaitu eta inprobisaziora bultzatzen zaitu. Bapatekotasun horrek, landu nahi duzun gaia aldez aurretik ongi aukeratzera behartzen zaitu. Teknika zail gisa ospea izan arren, aliatu ezin hobea da koloreen teoria ezagutzeko eta paperean tekniken garapena egiteko», azaltzen du erakusketarako prestatutako liburuxkan.
Erakusketa apirilaren 5a bitartean egongo da ikusgai. Astelehenetan 16:00etatik 20:00etara egongo da irekita eta asteartetik ostiralera 10:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.