Herri osoak, «gero arte» esanda, agurtu zuen Patxi Iraola

Agurraren une bat. / IRAOLA
Agurraren une bat. / IRAOLA

Elizkizun ederraren ostean, plazan egin zitzaion omen-ekitaldia Olegi baserriko bertsolariari

IRAOLA ZALDIBIA.

Herenegun iluntzean agurtu zuen Zaldibiako herriak Patxi Iraola bertsolaria. Olegi baserrian jaio zen Patxi, duela 86 urte juxtu, zortzi senideetan zaharrena bera.

Hileta-elizkizunean jende askok hartu bazuen parte, ondorengo omenaldian, herriko plazan, ez zen gutxiago. Elizkizun ederraren ostean, kantu eta sermoi, eliz atarian edo plazan egin zen omen-ekitaldia: haurrak bertsotan, txistulariak, kantariak, testu-irakurlea eta bertsolariak, Eñaut Agirre, Igartzabal, Euzkitze, Lizaso eta Lazkano, aritu ziren.

'Txoria txori'

Horiez gain, bertsolari gehiagok ere parte hartu zuten ekitaldian: Amuriza, Telleria, Mendiluze, Loidisaletxe, Aittola, Sorozabal, Zeberio anaiak... eta bertso munduko jende ugari ere bertaratu zen, Kazabon eta Laxaro Azkune, kasurako. Baina, batez ere, herria, Goierri eta inguru askotatik hurbildutakoak izan ziren azken agurren. 'Txoria txori' kantatuz eman zitzaion amaiera.

Oharra: oraingoan, kronista moduan, salbuespena egin beharrean aurkitzen naiz, hildakoa anaia nuen partetik. Mila esker familia osoaren izenean egunotan gorputzez nahiz bihotzez lagun izan zaituztegun guztioi. Kezka bat daukagu, ea denoi ongi atenditu ote dizuegun. Asko zineten. Barkatu. Bestalde, momentu honetan, bi pertsona gogoratu nahi nituzke bereziki, koinata Asun eta koinata Tomasi, bata klinikan eta bestea etxean makal antzean.