Ataun
Gipuzkoako Orientazio Ligako bosgarren proba igandeanGipuzkoako Herri Orientazioko IX. GOL Ligako (2025) bosgarren proba igandean, hilak 12, jokatuko da, Lizarrusti-Lareo zonaldean. Lasterketaren harrera puntua Lizarrustiko mendateko aparkalekuan izango da, eta handik bertatik abiatuko da egun osoko egitaraua.
Antolatzaileek azpimarratu dute proba Aralarko Parke Naturalaren bihotzean egingo dela, larre eta basoz inguraturiko orientazio eremu paregabe batean. Hori dela eta, parte-hartzaileei ingurunea errespetatzeko eskatu diete, kirol honen oinarrizko arauetako bat baita naturarekiko begirunea. Txakurrarekin parte hartzen dutenek ere arau hori bete beharko dute: animalia lotuta izan beharko da une oro, bai irteera gunean, bai helmugan.
Egunaren egitaraua goizeko 9:00etan hasiko da harrera gunea irekita, Lizarrustiko aparkalekuan. Lehenengo irteerak 9:30ean emango dira, eta azkenak 12:00etan. Irteera puntura oinez joan beharko da, 2,2 kilometroko distantzia eta 170 metroko desnibela gaindituz, 30-40 minutuko ibilbidean. Beraz, antolatzaileek gomendatu dute denbora ondo kalkulatzea eta garaiz iristea, irteerak 12:00etan itxiko baitira.
Helmuga Lareoko urtegi inguruan kokatuko da, eta bertatik oinez egin beharko da itzulera aparkalekura. Helmuga 14:00etan itxiko da, eta ordurako parte-hartzaile guztiek bueltatu behar izango dute, nahiz eta ibilbidea amaitu gabe egon, balizak jasotzen hasiko direlako.
Irteerak bi minuturo emango dira, izen-emate kopuruaren arabera. Izen-emate epea biharko gauerdian, 22:00etan, itxiko da, nahiz eta muga kopurura lehenago iritsiz gero, aurretik ixteko aukera egon. Antolakuntzak ohartarazi duenez, parte hartzen duten guztiek, laguntzaileak barne, izena eman beharko dute.