Irura
Dj Bullek botako du sanmigeletako txupinazoaOstiral arratsaldean hasiko dira festak, herensuge erraldoi berria izango dutenak
San Migel jaiak iritsi dira Irurara. Ostiral arratsaldean Jon Gurrutxaga 'Dj Bull'ek botako du zazpi eguneko egitarauari hasiera emango dion txupinazoa. Aurten hogeitabost urte bete ditu musika jartzen hasi zenetik eta Festa Batzordeak urtemuga hori ospatu nahi izan du jaietako pregoilari aukeratuta.
Txupinazoa eta herensugearen jaitsiera 18:30ean izango dira udaletxeko balkoitik. Jarraian, kalejira egingo da Loatzo Musika Eskolako musikariek girotuta buruhandiekin eta Anoeta eta Irurako errraldoiekin. Aurten berezia izango da, herensugearen erraldoi berriak gurutzatuko baitu herria lehen aldiz.
Ondoren, VII. San Migel Xare irekia 'Irurako Udala Sari Nagusia' torneoko lehenengo partida jokatuko da. Edizio honetarako, bikoteak osatzean izandako arazo ezberdinak medio, goi mailako hiru bikoteren artean jokatuko da lehia: Jon Larronde-Joel Sistiague, Joxi Lopetegi-Andoni Castera eta Sebas Etxeberri-Oihan Borteyru. Horregatik, ohiko txapelketa beharrean, hiru jardunaldiko ligaxka egingo dute. Lehenengo partidua Etxeberri-Borteyru eta Larronde-Sistiague bikoek jokatuko dute. Ligaxkaren amaieran, lehenengo eta bigarren sailkatuek finala jokatuko dute, hurrengo larunbatean.
Iluntzean, berriz, barrikotea egongo da San Migel plazan eta, jarraian, Olgetan musika taldearen emanaldiak emango dio amaiera egunari.
Jaietako lehen asteburua luzea izango da, San Migel eguna astelehena delako aurten. Bihartik irailaren 29ra hartuko dute aurreneko egunek eta, atseden egun batzuen ondoren, urriaren 3tik 5era jarraituko dute.
Larunbat honetan Gazteen eguna ospatuko da. Goizean haur-parkea egongo da ikastolako patioan eta gazteek 13:00etan eskainiko dute Dantza-soka plazan. Bazkalondoren haurrentzako jolasak antolatuko dira eta, 18:30ean, poteo musikatua egongo da Burrunba elektrotxarangarekin. Gauean, Janus Lester eta Iratzar taldeen kontzertuak egongo dira. Era berean, Beldur Barik gunea egongo da San Migel plazan 20:00etatik 22:00etara, eta 00:30etik aurrera puntu morea egongo da udaletxe aurrean, emakumeek elkarrekin etxera itzultzeko.
Igandean, berriz, patata tortilla lehiaketa antolatuko da 11:00etan eta eguerditik aurrera sagardo dastatzea egingo da plazan. 18:00etan, Onintza abesbatzaren emanaldia elizako arkupeetan, 19:00etan Txapela Brava taldearen emanaldia eta 20:00etatik 22:00etaa Holi festa antolatuko da DBHko nerabeentzat gazteen karpan.