Borrar
Eskoletako arduradunak, GITB-ko Ion Aldanondo eta Leire Artola Beasaingo alkatea. Zabala
Beasain

'Kantari Beasain', gaztetxoak euskaraz kantuan jarriko dituen egitasmoa

Larunbatean eta igandean 275 gazte Usurbe Antzokian bilduko dira azken asteetan prestatutako emanaldiak eskaintzeko

Asteazkena, 21 otsaila 2024, 01:00

Comenta

Herria eta batez ere herritar gazteak euskalduntzeko ekimen berria sortu du Udalak, Goierri Telebista eta herriko ikastetxeekin elkarlanean. Proiektu berriak, 'Kantari Beasain' izenez aurkeztuak, zortzi eta hamabi urte bitarteko 275 neska-mutiko beasaindar bilduko ditu, kulturgintza eta euskalduntzea helburu duen saioan.

Udalak bere helburu eta ardatzetako bat du euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea eta proposamen berri honen eskutik, ahalegin horretan aurrera egitea da asmoa. Leire Artola alkateak aipatu duenez, «kezkatik baino arduratik ikusten dugu euskararen erabilera ahalik gehien zabaltzearena. Euskara erakargarri izatea behar du euskaldunon egiteko behinena eta gazteen artean egin nahi dugun ahalegin horretan kokatzen dugu ekimen hau».

Ekimenarekin bat egin dute herriko lau ikastetxeek ere: Murumendi eskolak, Andramendi ikastolak, Alkartasuna Lizeoak eta La Salle Beasain ikastetxeak. Ikastetxetik kanpo ere, aisialdian, helburuak bete eta euskaraz jarduteko aitzakia badelako guraso eta gaztetxoentzako dinamika hau.

Hori horrela, helburuak nola beteko diren adierazi zuen Artolak aurkezpenean: «Euskara modu dibertigarrian erakargarri bihurtuz eta bide batez euskal kantugintza eta kultura gazteei helaraziz. Aldi berean, gurasoak euskal kulturara ere erakartzen ditugu kate honetan, ondo pasatuz eta euskara gozamenarekin lotuz. Goierri telebistaren proposamenari baiezkoa emanda, herriko ikastetxeen laguntza eta elkarlana eskertu beharrean gaude. Kantari saioa finean, euskarara modu dibertigarrian gaztetxoak erakartzeko modua da, haur eta gazteak euskaraz kantuan eta dantzan jartzen dituen ikuskizuna da, gazteak eurak ikuskizuneko protagonistak bihurtuz». Taldeen arteko elkarlana nabarmendu zuen aurkezpenean, eta benetan baliagarria izan daitekeen ekintza bat dela adierazi zuen, parte-hartzaile zein ikusleentzat aukera paregabea eskainiz.

Astebururako plana

Emanaldiak datorren asteburu honetan, otsailaren 24an, larunbata, eta otsailaren 25a, igandea, egingo dira Usurbe Antzokian. Guztira 11 emanaldi eskainiko dira eta herritarrek zuzenean emanaldiez gozatzeko aukera izango dute. Doakoak izango dira emanaldi guztiak eta ez da ez sarrera ez gonbidapenik behar izango bertara gerturatu eta saioetaz gozatzeko.

Horretaz gain, Goierri telebistan ere zuzenean streaming bitartez ere jarraitu ahal izango dira. Larunbatean, 15:00etatik aurrera eta igandean, aldiz, goizeko 11:00etatik aurrera burutuko dira saioak.

Ikastetxeak bidelagun

Herriko lau ikastetxeetako arduradunak ere aurkezpenera gerturatu ziren, egitasmoaren inguruko haien ikuspuntua eskaini eta azken asteetan ikastetxe ezberdinetako gazteek asteburuko plana nola bizi duten azaltzeko. La Salle ikastetxeko Maria Garciak azaldu zuenez, «gure ustez, aukera aparta da. Ikasleak oso pozik ikusten ditugu eta gogo handia dute larunbat eta igandean Usurbera gerturatzeko. Azken finean, ikasten eta euskararen erabilera handitzen ari dira aldi berean, eta hori oso positiboa da». Agurtzane Agirrek, Andramendi Ikastolako arduradunak, nabarmendu zuen «azken asteetan asteburuko plana bilakatu da. Ikastolako orduetatik kanpo, ikasleak bilu egiten dira entseguak egin eta batera meriendatzeko, eta honek asko gerturatzen ditu». Murumendi eskolatik Arrate Leunda gerturatu zen, eta proiektuaren hedapena nabarmendu zuen: «Azkenean familiak eta ikasleak biltzen dituen proiektua da, eta gure kulturaren inguruan lanketa sakona eskatzen du». Amaitzeko, Alkartasuna Lizeotik Olaia Elorza gerturatu zen: «Gazteak gogoz gainezka ikusten ditugu, eta asteburuan saio ederrak eskainiko dituztela uste dugu. Gure kultura gertuagotik ezagutu eta euskara sustatzeko aukera paregabea da» adierazi zuen aurkezpena itxiz.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Kantari Beasain', gaztetxoak euskaraz kantuan jarriko dituen egitasmoa

'Kantari Beasain', gaztetxoak euskaraz kantuan jarriko dituen egitasmoa