Andra Mari jaiek giro ederraz jantzi dute Tolosaldea
Festen egun nagusia Alkizan, Elduainen, Lizartzan eta Zizurkilgo Elbarrena auzoan
Begirada gehienak Kontxako badian jarrita zeuden arren, Tolosaldeko herrietako jaietan ere giro ederra izan zen atzokoan. Jaietako egun nagusiaren bezperan, Zizurkilen sardina-jatea eta txakolin dastaketa izan ziren eguna hasteko. Jende ugari elkartu zen Elbarrenako Joxe Arregi plazan. Sardina pintxoekin batera, bost sagardo ezberdin dastatu ahal izan zituzten bertaratuek. Ondoren, iaz herrian jaiotako haurrei ongi-etorri ekitaldia eskaini zieten. Alkateak festetako zapia jarri zien txikiei sinbolo gisa.
Lizartzan pilota eta dantza izan ziren nagusi. Hasteko, haurren arteko pilota partiduak jokatu ziren Aiztondo pilotalekuan eta, segidan, Dantza soka eskaini zuten gazteek plazan. Herritar ugari elkartu ziren ohitura den bezala, ekitaldia ikustera. Jarraian, Otsolar dantza taldearen emanaldia izan zen, adin ezberdinetako dantzarien parte hartzearekin. Ikusleek txalo ugari eskaini zizkieten guztiei amaieran. Arratsaldean, mus txapelketa antolatu zen Txirrita elkartean eta, bitartean, herritarren arteko erronka jokatu zen plazan.
Elduaienen, berriz, haur eta helduentzako Toka Txapelketak antolatu ziren plazan. Lehiaketa goiz guztian luzatu zen, bazkalordura arte. Lehia bizia izan zen hogeita hamar parte hartzaileen artean eta, berdinketak hausteko tiraldien ondoren, Ane Gereñok irabazi zuen emakumezkoetan eta Oier Tejerak gizonezkoetan. Gainera, bi saski zozkatu ziren, bata Tejerarentzat izan zen eta, bestea, Ibon Carrerarentzat.
Eguerditik aurrera, hamaiketako herrikoia eskaini zen, plaza herritarren bilgune bihurtuz. Sardina eta txorizo erreak, eta Ibarrako pipar frijituak dastatu ahal izan zituzten usadioa jarraituz, txakolina eta sagardoarekin.