Giro ezin hobea San Migeletan
Egun guztian haurrentzako jolas parkea egon zen Garbilekuko plazan
NÚÑEZ
Domingo, 4 de octubre 2015, 01:30
. Eguraldia lagun, jendetza handia eta giro ezin hobea izan ziren atzokoan Irurako jaietan. Egun guztian haurrentzako jolas parkea egon zen Garbilekuko plazan. Puzgarriez gain, surf-taula mekanikoa, super jumping eta txikienentzako parkea egon ziren, besteak beste.
Bazkalaurretik Juan Carlos Díez Sotok intxaurrak ipurdiarekin puskatzeko erakustaldia eskaini zuen plazan. Lau aldiz lortu du Guinness errekorra, azkena 81 intxaur puskatuz minutu batean. Momentu honetan errekorra alemaniar baten esku dago, aurten 108 intxaur puskatzea lortu ondoren. Irurako plazan Díez Sotok intxaurrez gain, hurrak, almendrak eta pistatxoak apurtu zituen. Amaitzeko bi ilara puskatu zituen, lehena hurrena, eta ondoren, Guinness Errekorra errepikatu zuen minutu batean zenbat intxaur puskatzen zituen saiatuz.
Eneko eta Ekhi txapeldunak
Arratsaldean giro ederra egon zen Gorritik ekarritako astoekin antolatu zen lasterketan. Hemezortzi parte hartzaile izan ziren, horietatik sei gaztetxoak. Asto gainean Etxezarreta kaleko etxeen artean itzulia eman behar zuten, bi itzuli helduek. Gaztetxoetan Eneko iritsi zen lehenengo helmugara eta helduetan, sailkapen itzulien ondoren, finalean Ekhi Apeztegiak irabazi eta etxera eraman zuen Udalak jarritako urdaiazpikoa. Gorritik kamiseta bana eman zien bi irabazleei.
Gainera, play back jaialdia antolatu zen. San Migel plaza jendez bete zen dantza saioak ikusteko. Adin guztietako bederatzi taldek parte hartu zuten eta giro ederra jarri zuten plazan. Ikusleek ederki pasa zuten talde guztien emanaldiekin.