Dantza eta musika nagusi Irurako sanmiel jaietan
Giro ederrean doaz aurrera jaiak eta herritarrek gogoz parte hartu dute antolatutako ekintzetan
NÚÑEZ
Jueves, 1 de octubre 2015, 00:30
Giro ederrean doaz aurrera jaiak eta herritarrek gogoz parte hartu dute antolatutako ekintzetan. Garbileku plaza jendez bete zen Urban 13 kolektiboak eskainitako break dance erakustaldian. Adin guztietako kideek mota ezberdinetako jauziak eta akrobaziak erakutsi zituzten. Haur eta gazteek adi-adi jarraitu zituzten donostiarrek egindako mugimenduak.
Jarraian, Loatzo musika eskolako bandak kontzertua eskaini zuen. Hogeita hamar musikari gazte inguru aritu ziren oholtza gainean abesti ezagunak joz instrumentu ezberdinekin: tronpeta, klarinetea, zeharkako flauta, eta abar. Ikusle ugari gerturatu ziren kontzertua entzutera eta musikari gazteak txalotu zituzten.Gainera, San Migel eguna ospatzeko udalak hamaiketako herrikoia eskaini zuen plazan. Herritar ugari elkartu ziren plaza bete zuten mahaietan salda beroa, haragi eta txorizo egosia dastatzeko.
Gaurko egitaraua
Gaur ekingo diote Iruran San Migel jaietako bigarren zatiari. Nagusien Nazioarteko eguna ospatzeko 18:00etan jubilatuek kantu saioa eskainiko dute plazan eta ondoren, Irurako dantzari txikiek emanaldia eskainiko dute.