Gipuzkoako Medicus Mundiren bertso paper lehiaketako sariak banatu ziren Maizpiden
Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Egunaren baitan, banatu ziren indarkeria matxista gai izan duen lehiaketako saria
DV
Sábado, 30 de mayo 2015, 00:30
Gipuzkoako Medicus Mundik maiatzaren 28a baliatu zuen, Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna, amaitu berri den eta indarkeria matxista gai izan duen bertso paper lehiaketako sariak banatzeko. Bertso afaria antolatu zuten horretarako herenegun, Lazkaoko Maizpide barnetegian, eta bertan izan ziren Ane Labaka eta Jokin Labaien bertsolariak ere, sarituekin batera. Lehiaketako irabazle suertatu zen Eider Perez Martinezen bertsoak kantatu zituzten euskaltegi lazkaotarrean eta baita bigarren saritua izan zen Iñigo Legorburu Arregirenak eta Amaia Goirena Boyrarenak, hirugarren.
Publicidad
Maizpidez gain, bertso paper lehiaketan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak lagundu du eta Donostiako AEKk eta Hitzez euskaltegiek, non irailetik aurrera indarkeria matxistari buruzko tailer anitz antolatu diren. Arazo honek emakumeengan dituen eragin eta ondorioez sentiberatzeko helburua izan dute tailer hauek eta, bide batez, ikasleak lehiaketan parte hartzera animatzekoa.
Indarkeria matxista gaia
Medicus Mundi Gipuzkoak lehiaketarako gai hau hautatu izanaren arrazoia garbia da, izan ere «gauza nabarmena da emakumeen aurkako indarkeria gizarte guztietan dagoela eta era guztietako gehiegikeria fisiko, sexual, psikologiko ekonomiko eta gizarte arlokoak eragiten dituela -diote-. Osasun publikoarentzako arazo larria da eta funtsezko eskubideen urraketa bat ere bai, giza duintasunaren aurkako eraso delako eta, muturreraino eramanez gero, neska eta emakumeei bizitzarako eskubidea ezabatzen dielako». Medicus Mundi Giouzkoaren hitzetan, «emakumeen aurkako indarkeria beren sexuarengatik jasaten dituzten era guztietako desberdintasun ugarien adierazpiderik larriena da» eta datuek diotenaren arabera, murrizten joan ez ezik, badirudi larriki areagotzen ari dela gainera, batez ere biztanleriaren sektorerik gazteenen artean.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) 2013an eskainitako datuen arabera, mundu osoan gertatzen diren emakume-hilketen %38a beren bikoteek egindakoak dira eta gertuago, FRA-Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren 2014ko txostenak dioenez, Espainiako Estatuan indarkeria fisikoa edota sexuala jasan dutela dioten emakumeak %22 dira. Emakunderen 2013ko datuen arabera aldiz, 4.983 emakumek jasan zuten horrelako indarkeria Euskadin, horien artean 1.481ek, Gipuzkoan. Honek, gure eskualdean eta mundu guztian zehar emakumeek jasaten duten indarkeria egoeraren inguruko gogoeta egitera bultzatu behar gaitu eta hori da, hain zuzen ere, osteguneko saioan eta bertso paper lehiaketan isladatu dena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión