Borrar
Herritarren ongizate emozionala, lehentasun
Azpeitia

Herritarren ongizate emozionala, lehentasun

Azpeitiko Udalak pauso esanguratsua eman du, eta bi doako psikologo zerbitzu martxan jarri ditu: alde batetik, 18 urtetik gorakoentzako psikologo zerbitzua, eta, bestetik, familia eta nerabeentzako aholkularitza zerbitzua

Lunes, 17 de marzo 2025, 09:30

Azken urteotan, herritarren osasun mentala eta ongizate emozionala gero eta kezka handiagoa bihurtu dira gizartean. Egoera horren jakitun, Azpeitiko Udalak pauso esanguratsua eman du, eta bi doako psikologo zerbitzu martxan jarri ditu: alde batetik, 18 urtetik gorakoentzako psikologo zerbitzua, eta, bestetik, familia eta nerabeentzako aholkularitza zerbitzua. Horien bidez, prebentzioan eragin nahi du udalak. «Beti esaten dugu herritarrak jarri behar ditugula erdigunean, eta badakigu herritarrek gero eta antsietate, autoestimu edo bakardade arazo gehiago dituztela.

Horregatik, ahalik eta erraztasun handienak eman nahi dizkiegu arlo emozionala zaintzeko aukera izan dezaten », esan du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.

Haren esanetan, ezinbestekoa da min emozionalari ere behar duen arreta eskaintzea, min fisikoarekin egiten den bezala, «Kosta egiten zaigu ez gaudela ondo onartzea edo laguntza eskatzea. Baina badakigu garaiz esku hartzea izugarri garrantzitsua dela arazoak gehiago ez larritzeko. Horregatik, udalak bere esku dituen baliabideak jarri ditu prebentzioan eragiteko».

Udaletxetik ahalik eta erraztazun handienak eman nahi dizkiete herritarrei arlo emozionala zaintzeko

Doako psikologo zerbitzuaz gain, arreta emozionalera bideratutako veste hainbat zerbitzu ditu azpeitiko udalak

2023ko urrian jarri zuen martxan udalak 18 urtetik gorakoentzako doako psikologo zerbitzua, eta 2024ko martxoan familia eta nerabeentzako aholkularitza zerbitzua. Harrera oso ona izan dute batak zein besteak.

«Zerbitzu berriak eta berritzaileak dira. Ez genekien jendea animatuko ote zen txanda hartzera, baina bi zerbitzuek duten erabiltzaile kopuruak erakutsi digu bazegoela haien premia». Luis Legorburu arduratzen da 18 urtetik gorakoentzako psikologo zerbitzuaz, eta Gizarte Zerbitzuen eraikinean ematen du arreta; familia eta nerabeentzako aholkularitza zerbitzuaz, berriz, Janire Basurto arduratzen da, eta Gaztelekuan du bulegoa. Goenagaren esanetan, elkarlana eta koordinazioa «funtsezko ardatzak» dira bi zerbitzuetan. «Hasierahasieratik egon gara harremanetan

Osakidetzarekin, ikastetxeekin eta abar, eta haiek ere bideratzen dituzte herritarrak zerbitzuetara. Udal barruko sailen artean ere badago koordinazioa eta elkarlana, eta horri esker, herritarrei arreta integrala ematen saiatzen gara».

Garaiz esku hartzea izugarri garrantzitsua da arazoak gehiago ez larritzeko

Leire Goenaga Zinegotzia

Doako psikologo zerbitzuaz gain, arreta emozionalera bideratutako beste hainbat zerbitzu ere baditu Azpeitiko Udalak. Aipagarriak dira, besteak beste, adinekoentzako etxeko arreta integrala eta Lardaxka sexualitate, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua eta 'Amak Tribuan' egitasmoa. Ikastaroak, hitzaldiak eta abar ere sarri antolatzen ditu udalak ongizate emozionalean eragiteko asmoz.

Janire Basurto Familia eta nerabeentzako aholkularitza zerbitzuko psikologoa

Korapiloak askatzea da helburua

Ikusita gurasoek seme-alaben zaintzaren inguruko zalantzak eta kezkak askatzeko premia zutela, eta ikusita guraso horiek horretarako gune propiorik ez zutela esaten zutela, familientzako eta nerabeentzako aholkularitza zerbitzua jarri zuen martxan Azpeitiko Udalak iazko martxoan. Janire Basurto psikologoak ematen du arreta.

Urtebete da orientazio zerbitzua martxan jarri zenetik. Zein da orain arteko balorazioa?

Erronka nagusia zerbitzua ezagutzera ematea izan da. Hasieran zaila izan bazen ere, pixkanaka indarra hartzen joan da, eta dagoeneko ehun saiotik gora egin ditugu. Ikastetxeek eta Osakidetzak ere aholkatu izan diete herritarrei zerbitzura etortzeko, eta hori ere lagungarri izan da herritarrek zerbitzua ezagutzeko.

Zer eskaintzen du zerbitzuak? Zertan laguntzen du?

Korapiloak askatzea da helburua. Etortzen denak pautak nahi izaten ditu, baina askotan segurtasuna eta konfiantza irabaztea izaten da behar duena. Kezkak eta zalantzak argitzeaz gain, askotan nire lanaren gakoa izaten da entzutea, egoera testuinguruan jartzea eta erabiltzaileek dituzten gaitasunak azaleratzea. Oro har, uste dugun baino estrategia gehiago ditugu, eta askotan konfiantza falta izaten zaigu gure trebetasunak eta ideak martxan jartzeko.

Kezkak eta zalantzak argitzeaz gain, askotan nire lanaren gakoa entzutea izaten da

Janire Basurto

Zer eratako kezka edo arazoek bultzatuta joan dira gurasoak zuregana?

Gaiak askotarikoak badira ere, batzuk sarri agertzen dira, hala nola gertutasun emozionala nola sustatu seme-alabekin, haien frustrazioa nola kudeatu, autoestimua nola hobetu, nerabezaroko aldaketak…

Eta nerabeak?

Batez ere harremanetan ematen diren kezkengatik etortzen dira, eta lagunekin edo familian dituzten zailtasunak azaltzen dituzte; baina autoestimuaren inguruan ere ikusten ditut arazoak.

Nork jo dezake nerabeentzako eta familientzako orientazio zerbitzura? Zer egin behar du horretarako?

Azpeitiarrei eskaintzen zaien doako zerbitzua da. Aukera dute saio puntual bat egiteko edo saio bat baino gehiago jasotzeko. 0-18 urte bitarteko semealabak dituzten gurasoei dago zuzenduta, eta 16 urtetik gorako nerabeei ere bai. Azken horiek gurasoen baimenik gabe ere etor daitezke. Gunerokotasunean guraso bezala seme-alabekin dauzkagun beldurrak, zalantzak eta kezkak argitzeko edo familia giroan ematen diren zailtasunei aurre egiteko estrategiak eskuratzen laguntzen du zerbitzu honek.

Lehen urtean, 110 herritarrek jo dute Azpeitiko Udalaren 18 urtetik gorakoentzako doako psikologo zerbitzura. Datu bat nabarmendu du zerbitzuaz arduratzen den Luis Legorburu psikologoak: bost pertsonak bakarrik utzi dute esku hartzea, gainerako guztiek hasi eta amaitu egin dituzte eskainitako sei saioak.

Ia urte eta erdi darama martxan 18 urtetik gorakoentzako psikologo zerbitzuak. Lehen urteko datuen arabera, 110 erabiltzaile izan zituen zerbitzuak. Zer profiletakoak izan dira?

40-50 urte dituztenak etorri dira gehien, baina 18-25 urtekoak ere % 21 izan dira, eta hori pozgarria da, prebentzioaren arloan kokatzen delako zerbitzua. Sexuari dagokionez, emakumeak izan dira hamarretik zazpi. Ikusten da aldaketa bat pixkanaka, baina gizonak, oraindik, medikuak bideratuta etorri ohi dira: buruko minarekin edo tripako minarekin hasten dira, eta lanketa bat egin ostean ikusten bada zerbait emozionala dagoela tartean, medikuak niregana bideratzen ditu.

Beraz, Osakidetzak ere bideratzen ditu herritarrak zuregana?

Hiru bide daude etortzeko: anbulatoriotik bideratuta, Gizarte Zerbitzuetatik bideratuta edo zuzenean txanda eskatuta. Pozik gaude gero eta gehiagok eskatzen dutelako txanda zuzenean. Horrez gain, gero eta koordinazio gehiago dugu udaleko beste sail batzuekin, adibidez, Emakume Txokoarekin.

Zein izaten dira zuregana joateko arrazoiak?

Gehienak familia arazoengatik etorri dira: bikote arazoak, anai-arreben artekoak… Enplegu arazoengatik etorri direnak ere asko izan dira. Horrez gain, eta nire ustez nabarmentzekoa da, jende dezente etorri da badakielako zerbait gertatzen zaiola, baina ez dakielako zer.

Nolakoa izaten da esku-hartzea?

Oro har, sei saioko esku-hartzeak izaten dira, eta doakoak. Badago nabarmentzea merezi duen datu bat: bost pertsonak bakarrik utzi dute esku hartzea, gainerako guztiek hasi eta amaitu egin dituzte sei saioak. Azkartasuna da zerbitzuaren ezaugarri bat: norbaitek txanda eskatzen duenean, lehenbailehen jartzen gara harremanetan, eta lehen txanda ere hamabost egun baino lehen ematen zaio eskaera egin duenari.

Nori gomendatuko zenioke zerbitzua?

Gure zerbitzua prebentzioaren arloan kokatzen da; hau da, ez da dagoeneko patologiaren bat diagnostikatuta daudenentzat. Norbait triste sentitzen bada, haserre, errudun sentitzen bada, gaizki sentitu arren zer gertatzen zaion ez badaki, etortzeko esango nioke, zerbitzu hau kasu horiek guztiek artatzeko da.

Jende dezente etorri da badakielako zerbait gertatzen zaiola baina ez dakielako zer

Luis Legorburu

Luis Legorburu 18 urtetik gorakoentzako psikologo zerbitzuko psikologoa

Gehienak familia arazoengatik etorri dira

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Herritarren ongizate emozionala, lehentasun