«Zuhurtzia» euskara Europako Batasuneko hizkuntza ofizial egiteko proposamenaren aurrean

Kontseiluak aurrerapausutzat hartu du, baina oraindik onartu beharrekoa dela azpimarratu du

J. A.

Viernes, 18 de agosto 2023, 16:44

Espainiako Kongresuan euskara, katalana eta galiziera hitz egin ahal izango direla eta Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak izan daitezen urratsak egitea erabaki denaren jakinarazpena «zuhurtziaz» hartu ditu Kontseiluak. Biak historikoki eragilearen aldarrikapenak izan dira, beraz albiste ontzat hartu baditu ere, erabaki irmoa izan eta indarrean sartzea falta direla oroitu du.

Publicidad

Lehenari buruz, «berandu datorren aurrerapauso txiki bat» dela nabarmendu du, baita «eragin erreala baino sinbolikoagoa» duela. Hala, Kontseiluaren aburuz herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bestelako lehentasunezko neurriak daude, esaterako «Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, edota azken aldian jasaten ari garen oldarraldi judizialari etena jarriko dioten neurriak hartzea».

Era berean, Kongresuko mahaiko presidentearen borondatearen menpeko neurria dela nabarmendu du, eta «bai borondatea baita presidentea ere aldakorrak direla» adierazi. «Ikusteke dago nola egikaritzen den eta zein neurri hartzen diren gutxieneko demokratikoen baitako auzi honetan erabakia iraunkorra izan dadin», dio testuak.

Balorazioa baikorragoa egin du bigarren albisteaz, euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko hizkuntza ofizial egingo lituzkeen 1/1958 araudiaren aldaketa-proposamenaz, euskal hiztunen egunerokoan eragin «erreala» izango lukeelako, erakundeak ohar bitartez azpimarratu duen bezala. «Baldin eta onartuko balitz, aurrerapauso bat litzateke euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan», besteak beste produktuen etiketak, sendagaien prospektuak edota hainbat jakinarazpen eta iragarki ofizial euskaraz ere egin beharko lirateke. «Euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria indartuko litzateke». Hori bai, kasu honetan ere zuhurtzia eskatu du, oraindik onartu ez den neurria delako eta oraindik ofizialtasunik aitortu ez zaien hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetako ordezkarien jarrera «zalantzazkoa» delako, espresuki Frantziako Estatua aipatuz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad