54 urte hezkuntza euskalduna bultzatzen

Jorge Oteiza eskulturgile orioarra ikastolara egindako bisita batean./
Jorge Oteiza eskulturgile orioarra ikastolara egindako bisita batean.

Salbatore Mitxelena ikastolak 1965. urtean abiatu zuen bere ibilbidea. Ordutik, 54 darama hezkuntza euskaldunaren alde lanean.

Elisa Belauntzaran
ELISA BELAUNTZARAN

Udazkena zen Salbatore Mitxelena ikastolak bere ateak lehen aldiz ireki zuen urte tenorea. Horretaz 54 urte pasa dira. 1965eko urte hartan, uste baino arrakasta handiagoa izan omen zuen herritarren artean ikastola sortzearen ideiak; 120 ikasle izan zituen lehen ikasturte horretan bertan. Urte berean, ikastolari izena eman dion fraide olerkari eta euskaltzalea, Salbatore Mitxelena frantziskotarra, hil egin zen, abenduaren 20an, hain justu. Zabalik ezagutu zituen Mitxelenak ikastolaren ateak. Askorentzat amets bat gauzatu zen urtea izan 1965a. Batez ere, euren umeak heziketa euskalduna eta kalitatezko batean hazi nahi zituzten gurasoena.

1964an guraso talde bat bildu zen herrian eskaintzen ez zen heziketa modu desberdin bat beraien seme-alabentzat antolatu nahian. Leku aproposa behar zuten, eta fraide Frantziskotarrek utzi zietenean, elizaren atzeko aldean eraikuntza txikian ikastola zabaldu zuten. Ondoren, irakasleak topatzeko erronkari egin behar izan zioten aurre gurasoek: tituludunak, euskaldunak, eskola berri batean lan egiteko prest... eta bi irakasle topatu zituzten: andereño Begoña eta andereño Josune.

Handik aurrera, urtez urte hazten joan zen Zarauzko ikastola. Haur-talde handi hura nolabait antolatzea lortu zutenean, gela desberdinetan banatu zituzten. Oroimen politak dituzte bertan ibili zirenek: «Oso gela polita zen, hormetan marrazki handiak zituen. Hasieran, denok lurrean biribilean eserita jartzen ginen», gogoratzen dute 50. urteurrena ospatu zuten urtean kaleratutako liburuan.

1965ean zabaldu zituen ateak ikastolak fraide frantziskotarren eraikin batean, 120 ikaslerekin

Ondoren, Egun On etxera joan ziren ikasleak eta irakasleak, ikastola berria inauguratzen zuten bitartean. Tarte horretan, Pilartxoenea txalet handian egon ziren zarauztarrak 1973gik 1975era bitarteko ikasturteetan. Hamar urte behar izan ziren eraikin berrira salto egin arte. 1975eko irailean ametsa egi bihurtu zen eta ikastola berria estreinatu zuten zarauztarrek. Denak handitzen zihoazen heinean, eraikina ere handitu behar izan zuten.

Horrela, ikastolako ikasleak handitzen zihoazen heinean, adinean eta kopuruan, eraikina ere handitu behar izan zuten. Gelak handigoak ziren, jolasteko leku aproposak zituen eta ikasteko ere bai, leiho zabalekin eraikin modernoa egin zuten... eta kontura-tzerako ikastolak 25 urte beteak zituen. 1990. urtean bete zituen 25 urte Salbatore Mitxelena ikastolak. Ordurako, ikastetxe sendia, kalitatezkoa eta herrian sustraitua zegoela diote zarauztarrek. Fraideen komentu atzean hasitako 120 ikasletatik 974 izatera igaro zen 1990. urtean.

Tartean, 1987. urtean, lehen Kilometroak festa antolatu zuten zarauztarrek. 'Euskal Herri bat, Euskal Eskola publikoa bat' lelopean antolatu zuten jaialdi hura. Udazkeneko egun eguzkitsua suertatu zela jasota dute ikastolakoek, eta milaka euskaltzale bertaratu omen ziren jai giroan egun ederraz gozatzeko.

Gaur egun 1.000 ikasle eta 100 langile ari dira lanean ikasturteari aurre egiteko asmoz

Oroimen polita utzi zien lehen Kilometroetako festak antolatzaileei. Hala ere, ikastola eraikitzeko prozesua ez zela erraza izan aitortzen dute ikastolako 50. urteurreneko liburuan zarauztarrek. Gora-behera politikoak, legalak, hezkuntzaren planak, administratiboak... gainditu behar izan zituzten, besteak beste, kooperatiba forma hartuz. Diotenez, herriak sortu eta lortutako arrakastaren ikur bilakatu zen ikastola.

Pribatua edo publikoa izateko erabakia mahai gainean jarri zutenean, bozketaren emaitza ikastola bezala jarraitzearen aldekoa izan zen, sare pribatuan jarraitzeko hautua eginez.

Erronka handiei aurre egiten ohituta zeuden zarauztarrak, eta ikastolaren proiektuarekin apustu ere defenditu behar izan zuten 1990ean, Logse izeneko lege berria jarri zenean indarrean. Eraikuntza handiagoaren beharrarekin egin zuten topo, nahitaezko hezkuntza 14 urtetik 16ra luzatzea erabaki zen eta. Horrela, berrikuntza lanetan murgildu ziren beste behin. Kontuak kontu, aurrera egin zuten eta gaur egun 1.000 ikasle eta 100 langile urtero bertan murgiltzen dira ikasturteari aurre egiteko asmoz.

Aurtengoa, Salbatore Mitxelena ikastolak antolatzen duen bere hirugarren Kilometroak jaialdia da. Lehenengo 1987an antolatu bazuten, bigarrena 2004an iritsi zen. 'Itsasoa zahar, olatu berri' lelopean prestatu zuten egun handia eta jendetza ikaragarria bildu zela gogoratzen dute zarauztarrek.

120.000 lagun izan omen ziren egun horretan goiz-goizetik hasi eta iluntzera arte iraun zuen ospakizunean. Bertan bildu zen dirua Orion DBHkoentzat eraikina egiteko erabili zen, Zarautzen haur-eskola goitik behera berritzeko eta baita Antoniano ikastetxea eta ikastola elkartetik sortu berri zen Oteitza Lizeo politeknikoaren proiektuari bultzada emateko ere. Aurten, beste hainbeste lagun espero dituzte zarauztarrek ikastolaren aldeko jaialdian, hasierako amets hura bizirik mantentzeko.