Nazioarteko hezkuntza komunitatearen kongresuan izan dira EHUko ordezkariak, Norvegian
Unibertsitate ereduen inguruan hausnartzeko egin dute ISSOTL kongresua, eta bertan izan dira UPV/EHUko ordezkariak, hiru proiektu aurkezten. Datorren urteko Europako topaketa Bilbon egingo da, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta
Asteazkena, 19 abendua 2018, 14:59
Unibertsitatean ikasteko, zein da metodorik egokiena? Nola hobetu daiteke ikasgaien ebaluazioa? Zeintzuk dira eremu profesionalera jauzia errazten duten Gradu Amaierako Lanak? UPV/EHUk, galdera horien inguruan hausnartu eta ondorioztatutakoaren berri eman dio nazioarteko hezkuntza komunitateari, ISSOTL elkarteak egindako azken kongresuan. Datorren urteko Europako topaketa Bilbon egingo da, eta Euskal Herriko Unibertsitatea antolatzen ari da jada.
Norvegiako Bergen hirian ari dira egiten aurtengo bilera. Bertan, UPV/EHUko SAE-HELAZ Hezkuntza Laguntza Zerbitzuak eta IdoFar eta eForja ikerketa taldeek aurkeztu dituzte euskal unibertsitateko ikasketa eredua, gradu amaierako lanei eta ebaluazio prozesuei buruzko esperientziak.
ISSoTL nazioarteko elkarteak goiko ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzeko ikerketak eta lanak bultzatzea eta zabaltzea du helburu. Topaketek, aurten, 'Irakaskuntza kulturari begira' izan dute ardatz. IKD Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa hezkuntza-eredu propioa eraman dute Norvegiara, bertan azaltzeko «nola sortu zen eredua, eta eredu hori martxan jartzeko sarea nola josi», azaldu du Mirari Ayerbe Hezkuntza Laguntza Zerbitzuko zuzendariak.
Toki berean, IdoFar Farmazia Fakultateko diziplina anitzeko irakasle taldeak azaldu du bere Gradu Amaierako Lanetan eta Karrera Amaierako Proiektuetan aniztasun, sormen, originaltasun eta lotura profesionala bultzatzeko eredua. Bere aldetik, eForja taldeak Komunikazio eta Informazio Teknologiaren bidez, ebaluazio-prozesuak aztertu ditu. Halaber, erreminta honekin ebaluatzailearen efektua eta ebaluazioan gerta daitezkeen zalantzazko egoerak ere identifikatu ditu.
Ekainean, Bilbon
Ekainean, Bilboko kongresuan izango diren jarduera eta profesionalen zerrenda zehazten ari dira, eta aurreratu dituzte parte hartuko duten hizlarietako batzuk nortzuk diren. Besteak beste, izango dira Mònica Feixas UAB Bartzelonako Unibertsitateko Autonomoaren Pedagogia Aplikatuan irakaslea; Peter Felten Ameriketako Estatu Batutako Ipar Carolinako Elon Unibertsitateko Ikaskuntza Engaiaturako Zentroaren zuzendaria; eta Katarina Mårtensso Suediako Lundeko Unibertsitateko irakaslea eta irakasleen formatzailea.
Unibertsitatean irakaskuntzako jardunbide egokien ezagutzan aurrera egiteko helburu eta ikasleek hobeto nola ikas dezaketen jakiteko EurSoTL 2019 kongresua ari da dagoeneko prestatzen UPV/EHU. Biltzar horrek bilduko ditu Europako unibertsitate-komunitateen taldeak (profesionalak, ikasleak eta irakasleak), ikerketak, ezagutzak eta akademia-esperientzia interaktiboak, inklusiboak eta elkarlanerakoak trukatzeko xedearekin.
'Ikaskuntza eta Irakaskuntza Akademikoaren Eremu Berriak' lelopean, ekainaren 13an eta 14an egingo da kongresua, Bizkaia Aretoan.