Borrar
Jende ugari bildu da Gozategiren kontzertuan eguerdian, Agirre Lehendakari plazan.

Ver 73 fotos

Jende ugari bildu da Gozategiren kontzertuan eguerdian, Agirre Lehendakari plazan. ARIZMENDI
Kilometroak 2023

«Giroa paregabea izan da, ahaztezina»

Bertako nahiz Gipuzkoa osotik gerturatutako milaka lagunek bat egin zuten Kilometroak jai handiarekin. Musika, tailerrak, bertsoak, kale animazioa, kirola... gozatzeko aukera zabala izan zen

Iker Castaño

Errenteria

Igandea, 1 urria 2023

Comenta

Askok eta askok egutegia begiratu behar izan zuten atzo, arratsaldeko azken orduan etxera iristean, uztailaren 22a ez zela baieztatzeko. Kaleak jendez gainezka, bero itogarria eta edozein txokotan emanaldiak. Ez, ez ziren Madalenak, Errenteriako festak, Kilometroak jai handiaren eguna baizik. Errenteria festarako plaza erraldoia bihurtu zen egun batez, Gipuzkoako Ikastolen jai nagusiari esker. «Giro paregabea izan da goizean goizetik», berretsi zuten Ion Ander eta Unax Perez anaiek. Egunari hasiera eman zion ekitaldi instituzionalaren ostean, marea biziak iritsi ziren Errenteriara, errioan gora. Milaka pertsona, bertakoak nahiz beste hainbat txokotatik etorritakoak elkartu ziren herriko kale nagusietan Kilometroak egunaren beste edizio bat ospatzeko.

Iaz Ibarran estreinatutako Kilometroaken eredu berriari heldu zion Orereta Ikastolak, ekitaldiak urte osora zabalduz. Atzean geratu ziren hainbat kilometrotako zirkuitu luze haiek. Atzokoan, hiriguneko lau gune nagusitan eta beste hiru azpigunetan burutu zen jaia. Inaxio Altuna, Mikel Orobengoa eta Maider Arregui Oiartzundik hurbildu ziren festaz gozatzeko. «Oraingoan gertu daukagu eta ez dugu etortzeko aukera galdu nahi izan. Ez genuen hainbeste jende espero, benetan jendetsua izaten ari da», adierazten zuten Agirre Lehendakari plazan Gozategiren kontzertuaz gozatzen zuten bitartean.

Batukada feministaren txupina entzutearekin herrian atondu ziren gune guztietara zabaldu zen berehala festa giroa

Goizeko 10:00etan hasi zen festa giroa Lekuonako zubitik Zamalbide guneraino mugitu zen ekitaldi instituzionalarekin. Hamaikak pasata, batukada feministaren txupinazoak eman zion hasiera ofiziala festari eta laster asko gune ezberdinetara zabaldu zen deialdia. Willis Drummond taldea Gernika plazan, Esti eta Mikel Markez Agirre Lehendakariaren plazan, erraldoiak Koldo Mitxelena plazan eta Tai Chi saioa Errioa gunean. Horiexek izan ziren lehen hitzorduak. Naia, June, Iker eta Ibai, Orereta ikastolako ikasleak, bien bitartean tonbolan aritu ziren Zumardian, sariren bat lortu nahian.

Adin guztietarako eskaintza

Errenteriako kultur eragileek ere izan zuten protagonismoa egun osoan zehar: Muxikoak, Kukai, Ereintza dantza taldea, Kantujira, trikitilariak, Banda, Matraka elektrotxaranga, txistulariak, dultzainak, Etxepare txaranga, Ikastolako txarangila eta beste hainbat talde. Inork ez zuen festa galdu nahi izan. Umeentzako tailerrak eta emanaldiak, herri kirolak edota Gipuzkoako Ikastoletako DBHko ikasleen arteko Erronka interesgarriak ere izan ziren. «Azkar ari da pasatzen eguna, baina aldi berean oso bizia izaten ari da», zioten Ionek eta Kattinek Oiartzun ibaian eskalatzen zuten bitartean. Txosnetan ogitarteko zein bestelako jakiak hartzeko aukera izan zen. Hantxe ziren, Miren Elordi eta Oier Landa, Donostiatik iritsitakoak. «Eguraldi ona egingo zuela eta planik ez genuela ikusita, etortzea erabaki dugu».

«Familia osorako plana dugu; txikientzat puzgarriak eta pailazoak eta guretzat Janus Lesterren kontzertua»

Adin guztietarako moduko festa prestatu zuten Orereta Ikastolakoek eta Gipuzkoan biztanle gehien dituen hirugarren herriko kaleak familiaz bete zituen horrek. Olatzek eta Endikak, Xabat eta Martinen gurasoak, denbora izan zuten ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko. «Txikiekin puzgarrietara eta pailazoak ikustera joan gara eta gero Janus Lester ('Erriola' abestiari musika jarri dioa) entzutera hurbilduko gara», zioten Fernandez Landa plazan bazkaltzen zuten bitartean. 'Go!azen' telesailaren emanaldia ere arrakastatsua izan zen.

Herri olatuarekin itxi zen atzoko jai handia Esmalterian. Jokin Pinatxo abeslariak jendea dantzan jarri zuen, eta 'Erriola' behin eta berriro abestu zuten. Laburbilduz, atzoko festa bete-betea izan zen. Orereta Ikastolako lehendakari Itziar Navarrok bezperan zioen bezala, «igandeko festa urte osoan egin dugun lanaren isla izatea nahiko genuke». Lortu zuten. Ea nork hartzen duen datorren urtekoa antolatzeko ardura.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Giroa paregabea izan da, ahaztezina»