Borrar
Kike Amonarriz, Euskaraldiaren hasieraren bezperan Donostian egin zen ekitaldian. morquecho

Kike Amonarriz: «Segida eman behar zaio Euskaraldia sortzen ari den energia sozial honi»

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria ·

Eragozpenak ugariak izaten ari badira ere, uste dut «oso konbentzituta, ilusioz, gogoz eta indartsu» dabilela jendea

Larunbata, 28 azaroa 2020, 07:14

Comenta

donostia. Euskalgintzaren arlo gutxi dauzka Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961) urratu gabe. Euskaltzale, filologo, soziolinguista, umorista, komunikatzaile... Eta iazko irailaz geroztik Euskaraldiaren antolatzaile nagusietakoa den Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari.

- Bigarren Euskaraldi hau ez zara ariko bizitzen aurrekoa bezala.

- Bizitzeko era ez da horrenbeste aldatu, baina hau ardura gehiagorekin bizitzea egokitu zait, batez ere egoera berezi honetan. Aurreneko ardura izan zen, konfinatuta geundela, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak erabaki genuenean Euskaraldia egin egingo zela, bestela euskara agenda soziopolitikotik eta komunikatibotik desagertzeko arrisku bizian geldituko zelako. Hurrengoa izan da Topaguneko lehendakari gisa herriz herri euskara elkarteak, batzordeak eta bolondresak nola zeuden jarraitzea, zailtasun handiak izan baitituzte. Hala ere, zailtasunak zailtasun, herri gehientsuenetan eutsi zaio. Jendea oso konbentzituta dabil, ilusioz, gogoz eta indartsu.

- Zertan igarri dituzue zailtasun nagusiak?

- Aspektu askotan, ia guztietan. Horregatik ari naiz azpimarratzen Euskaraldi honetan nabarmendu behar den aurreneko gauza dela egiten ari dela, baldintza berezi eta zailetan eraman delako aurrera, muga askorekin. Ezin izan dugu kalean egon behar bezala, eta kalean egotea oso inportantea da. Prestaketa saioak ere mugatuagoak izan dira; jendearen aldetik gehiago kostatu da, nahiz eta azken egunetan egon den olatu halako bat; arigune gisa izena emandako hainbat establezimenduk ezin izan dute ariketa egin, itxita daudelako... Hala ere milaka arigune eta milaka herritar ari dira Euskaraldian parte hartzen, eta horrek adierazten du euskararen biziberritzearen alde dagoen herri-gogoa indartsu eta bizirik dagoela, jendeak gero eta hobeto ulertzen duela hau dela euskararen erabilera praktikara eramateko eta ohiturak aldatzeko ariketa sozial bat.

«Nik maiz esaten dut supergaitasunak ematen dizkigutela, baina horiek gauzatzeko ezinbestekoa da konpromisoa»

txapak

- Hala ere, askok badituzte oraindik zalantzak.

- Ez da harritzekoa, guztiz normala da. Euskaraldia oso formula berri eta berritzailea da, ez da inon egin horrekalorik, eta gainera ari gara egiten egoera soziolinguistiko desberdinetan, jatorri linguistiko oso diferentea duten pertsonekin, pandemia baten erdian... Eta hori guztia bilduta oinarrizko ideia oso sinpletan, bi roletan: belarriprest eta ahobizi. Zalantzak zalantza, ariketaren oinarria, espiritua eta funtsezko mekanika ari dira zabaltzen herritarren artean. Nik uste dut ariketa honen baliorik handienetako bat dela hain zuzen hain egoera konplexu eta desberdinetan aplika daitezkeen formula sinpleak proposatzea.

- Formula sinple horren arriskuetako bat ez da txapa jartzea nahikoa dela pentsatzea?

- Txapak lehenago ere erabili izan dira -Osakidetzan, esate baterako-, eta frogatu da zein onuragarriak diren euskararen erabilera sustatzeko. Hizkuntza gutxituetan erabilera eragozten duten faktore nagusietako bat da inseguritatea aurrekoaren aurrean: jakingo du edo ez du jakingo; gustatuko zaio nik euskaraz egitea edo ez zaio gustatuko; euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez badugu, nola hasiko gara orain... Nik esaten dut txapak supergaitasunak ematen dizkigutela, baina supergaitasun horiek gauzatzeko ezinbestekoa da konpromisoa. Dena den, Euskaraldia ariketa mugatu eta masiboa delako dauka txapak beldur, zalantza eta lotsa horiek gainditzeko indar berezia. Egun horiek pasatakoan, orokorrean hobe da txapak desagertzea eta Euskaraldian hartu diren ohitura berriak egonkortzea eta naturalizatzea. Egia da rolak ez direla beti behar bezala ulertzen, badaudela ahobizi txapa daramatenak azkenean belarriprest rola betetzen dutenak, baina horrek ere laguntzen du euskaren erabilerak dituen aukerak azaltzen eta oztopoak mahaigaineratzen. Hori hausnarketa kolektibo interesantea da, eta askotan laguntzen du jabetzen hau ez dela euskararen aldeko kanpaina bat, baizik eta eskatzen dela benetan hizkuntza ohiturak aldatzeko jarrera bat.

- Hedapen zabala izan du bigarren Euskaraldiak. Hutsune gutxi ikusten dira Euskal Herriko mapan, nahiz eta parte-hartzea oso desberdina izan den lurralde batzuetatik besteetara.

- Izan genuen lehen datu pozgarria eta nabarmentzekoa izan zen jakitea aurten Euskaraldia egiten ari dela orain dela bi urte baino herri gehiagotan. Egoera honetan hori oso adierazgarria da. Lurraldeka, parte-hartzaileen kopurua nahiko bat dator, logika osoz, euskararen ezagutzaren proportzioarekin, Euskaraldian parte hartzeko gutxienez ulertu egin behar baita euskara, baina Euskal Herriko mapa ia osoan ari da egiten. Hutsuneren batzuk sortu dira Zuberoan eta Nafarroako Hegoaldean, baina gero eta nabarmenagoa da Euskaraldiak batu egiten gaituela euskaldun guztiak. Euskal Herriko hiru admistrazioen arteko elkarlana ere sendoa da, eta horrek ere sekulako aktiboa suposatzen du. Parte-hartzeak adierazten du, gainera, egoera soziolinguistikoa eta administratiboa bat izan ala bestea, hizkuntza ohiturak aldatzeko hautua egin daitekeela. Errazago edo zailtasun handiagoz, baina egin egin daiteke, edozein egoeratan.

- Tokiren batzuetan urriagoak izango dira erraztasunak eta handiagoak zailtasunak. Hainbatentzat bereziki konplikatua izan daiteke ariketa.

- Hizkuntza ez erabiltzeko aipatu ohi diren arrazoi nagusienen artean beti azaltzen da inertzia edo ohitura, baina gero agertzen dira faktore xeheagoak: gaizki hitz egiteko edo hanka sartzeko beldurra; kontzientzia falta; ingurukoen jarrera; ingurua bera... Euskaraldiak aurre egin nahi die horiei guztiei eta oso inportantea da, ariguneetan asko ari gara azpimarratzen hori, kezka eta beldur horiek esplizitatzea, horri guztiari buruz hitz egitea. Alde horretatik, Euskaraldia egoeraren ispilu ere bada.

- Oraindik asko du emateko, baina zure ustez zer utziko du bigarren Euskaraldi honek?

- Orain hasiko gara datuak jasotzen, eta ikerketa batzuk ere jarri dira martxan, baina iruditzen zait ariguneen kontzeptua gelditzeko etorri dela. Ikusi beharko dugu zein neurritan egin ahal izan duten ariketa egoera berezi honetan. Beste epe batzuk geneuzkan buruan, baina ez da posible izan eta asko murriztu zaizkigu. Hala eta guztiz ere 25.000 arigune sortzea ikaragarria iruditzen zait. Ikusten ari gara formula horrek sekulako aukerak eskaintzen dituela era guztietako entitateetan euskararen erabileran urratsak egiteko, hausnarketa soziala bultzatzeko eta euskarari bestelako ateak zabaltzeko.

«Prebisioa da honen antzekoa izatea, ez baitugu ariguneen potentzialitatea behar bezala jorratzeko aukerarik izan»

hurrengo euskaraldia

- Arigunearen funtzioa behin-behineko gune izaera horretatik harago joan daiteke?

- Jakina. Zonalde soziolinguistiko batzuetan sekulako aukerak ditugu, gaur egun lan mundura inkorporatzen ari den belaunaldiak euskara badakielako. Enpresa, erakunde eta era guztietako entitateetan arigune kontzeptua txertatzen bada, belaunaldi horrek praktikara eraman dezake dakarren euskara, eta horrek jauzi bat ekar lezake euskararen erabileran. Gainera, arigunearen inguruan Euskaraldiaz haragoko hausnarketak ari dira bideratzen zenbait enpresa eta entitatetan. Ikuspegi horretatik, ariguneak badira gune eta oinarri batzuk nondik irradiatu daitekeen euskararen erabilera zabaltzeko energia.

- Izango ditu ariguneak garapen eta aldaera berriak?

- Potentzialitate izugarria dutela iruditzen zait, azken batean arnasgune funtzionalak sortzen baitira ariguneen inguruan. Emaitzak aztertu eta balorazioak egin behar ditugu, baina printzipioz aurtengo Euskaraldia zein baldintzatan bideratzen ari garen ikusita, gure prebisioa da hurrengo edizioa honen antzekoa izango dela. Ez dugu izan ariguneen potentzialitatea behar bezala jorratzeko aukerarik izan, baina sekulako bitartekoa da hizkuntzaren inguruko bestelako dinamika batzuk martxan jartzeko, irauli dezaketenak orain arteko erderen aldeko inertzia.

- Kontua izango da nola eutsi dinamika horri abenduaren 5etik hurrengo Euskaraldira arte.

- Euskaraldiarekin oro har ari gara ohikoak ez diren ariketa sozialak naturalizatzen: lehen hitza euskaraz, elkarrizketa elebidunak... Lehen gutxi batzuk bagenbiltzan, baina Euskaraldiarekin hori masifikatu egin da, jendea konturatu da eramangarria eta egingarria dela. Ez da beti erraza, entrenamendua falta zaigu, oraintxe hasi garelako ariketa honekin, baina lortu duguna ikaragarria da: parte-hartzaileen %27 inkorporazio berriak dira, iritsi gara ez geunden sektoreetara... Aldaketaren oinarriak jartzen ari gara, eta orain garrantzitsua dena da segida ematea Euskaraldiak sortu duen energia sozial horri.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kike Amonarriz: «Segida eman behar zaio Euskaraldia sortzen ari den energia sozial honi»

Kike Amonarriz: «Segida eman behar zaio Euskaraldia sortzen ari den energia sozial honi»