«Indartsu» datorren Euskaraldian «jarrera aktiboa» izateko deia egin zaie herritarrei
Maiatzaren 15ean hasiko den ariketa kolektiboan parte hartzeko txapak banatzen hasi dira baina oraindik irekita dago izen-ematea
Bi aste eskas geratzen dira Euskaraldia hasteko -maiatzaren 15etik 25era izango da-, eta ia dena prest dago ariketari ekiteko. Ehunka herritar lanean dabiltza izen-emateak biltzen, entitateetara bisitak egiten edo ekitaldiak antolatzen. Ekimenaren bat egiteko, ostiral honetan agerraldia egin dute Lekeition Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideek, Lekeitioko eta Mutrikuko batzordeetako ordezkariak eta euskal gizarteko hainbat aurpegi ezagunek ere.
Publicidad
Bertan, tokian tokiko batzordeek herriz herri egiten duten lana azpimarratu nahi izan dute, izan ere «Euskaraldia arrakastatsua izan dadin», hauek «ezinbestekoak dira», eurek ahalbideratzen baitute Euskaraldiaren mezua herritarrengana iristea, azpimarratu du Jon Kobeaga Euskaraldiko koordinazio orokorreko eta Lekeitioko batzordeko kideak. Aurten, gainera, batzordeak oso »indartsu« sumatu dituztela nabarmendu du Kobeagak: »Orain bi edizio bizi izan genuen pandemia, eta 2022ko Euskaraldian sumatu zen haren arrastoa oraindik. Aurten, ordea, batzordeetan jende gehiago ibili dela jakin badakigu, hainbat herritatik jaso dugun mezua izan baita hori«.
Batzordeen lanarekin batera, Euskaraldiaren beraren garrantzia ere azpimarratu dute, eta euskararen erabileran eragiteko «orain-oraingoz daukagun tresna indartsuena» bezala definitu dute. Kobeagaren hitzetan, «orain da euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko batzeko tenorea; denok batera eraginda entzungo baita euskara gehiago gure kaleetan. Bi urtez behin egiten dugun ariketa masiboa probestu behar dugu abiada hartu eta urte guztian euskara gehiago erabili eta entzuteko».
Izen-ematea eta txapak
Euskaraldian oraindik izena eman ez duten herritarrek badute aukera ahobizi edo belarriprest izango diren esateko, izen-ematea irekita egongo baita ariketa hasi arte. Parte hartzeko bakoitzak bere rolaren berri ematea beharrezkoa da, eta datu gutxi batzuk beteta ematen dute izena herritarrek www.euskaraldia.eus webgunean.
Euskaraldiaren eta, oro har, euskararen aurrean «jarrera aktiboa» izateko deia egin dute antolatzaileek, izena ematen duten unetik bertatik: batzordeetan parte hartuz, herrietan antolatutako ekitaldietara joanez, eta gehienbat, Euskaraldiak eskatzen dituen ohitura aldaketak egiteko ahalegina eginez. Izan ere, ariketaren helburua euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea da, eta horretarako, ohitura zehatz batzuk hartzea proposatzen du: lehen hitza beti euskaraz egitea, eta euskaraz dakien guztiarekin euskaraz jarraitzea -elkarrizketa elebidunak normalizatuz-.
Publicidad
Ezinbesteko elementua da txapa ariketarako, erakusten duelako parean dagoenak euskara badakiela eta berarekin euskaraz hitz egin daitekeela. Maiatzaren 15etik 25era gainean eramango dituzten txapa horiek ostiral honetan hasi dira herritarren artean banatzen. «Norberarentzat baino aurrean dugunarentzat da baliagarria txapa, hizkuntza bat edo beste aukeratzean sortzen zaigun estresa murrizten du horrela, eta euskaraz askoz erosoago aritzeko aukera ematen digu», adierazi dute.
Txapa non jaso jakiteko, Euskaraldiaren webgunean (www.euskaraldia.eus) dagoen mapan egin daiteke kontsulta, herriz herriko informazioa jasotzen baita bertan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión