Hitzezko Pfizerra
Laugarren olatuan ·
Ditxosozko tunelaren amaierako ahoan argitxo ñimiño bat antzematen den honetan, hau guztia kontatzeko hitzak aukeratzen hasi beharko genukeUste nuen azken asteotako etenalditxoak lagundu egingo zidala gauzei perspektiba freskatu eta indarberritutik erreparatzen eta, horrenbestez, merezi dituzuen gogoeta txinpartatsuak eskaintzen. Ez da ba horrelakorik gertatu, eta jarraitzen dut 'beti bat eta konpainia' sentsazio likatsua larruazaletik desitsasi ezinda.
Izan ere, aurrekotik hona aldatu den gauza bakarra olatuaren zenbatgarritasuna finkatzen duen ordinala izan da. Hirugarrenetik laugarrenera igaro izana –ez nolanahi, oraingo honek ez bezala ezustean harrapatu gintuen lehenengo uhineko datu txarrak okertuz baizik– ez da aurrerabidearen zantzua, gauzak bestela –hau da, hobetoxeago– egiteko daukagun gaitasun ezaren beste sintoma etsigarri bat baizik.
Etsigarria, beste arrazoi askoren artean, terapeutikoak izan beharko luketen eztabaida nagusiak lardaskatzen, mozorrotzen eta saihesten jarraitzen dugulako; arrazoibideak ahitzen; hitzak bortxaz itxuraldatzen eta gogoetak armatzen: nirekin edo nire kontra. Berdintsu kotizatzen dira adituaren esanak eta indokumentatuarenak, azken horrek hitz-jarioa eta agintea edo agintearen babesa baditu, behinik behin.
Hala ere, ondorengo fasea prestatzen hasi behar dugulakoan nago, ausaz ez delako izango bosgarren olatua, oraindik izenik asmatu ez dioten biharamuna baizik.Eta egunotako datuen arabera gezurra badirudi ere, ditxozozko tunelaren amaierako ahoan argitxo ñimiño bat antzematen den honetan alde askotatik hasi beharko genuke pentsatzen biharamun horretan.
Adibidez, nola kontatuko dugu gertatu dena, gertatzen ari dena eta itxuraz oraindik bolada batean gertatuko dena? Ondo kontatzeko gauza ez bagara, horretarako hitz egokiak aurkitzen ez baditugu, izango ote dugu eritasunaren sintoma agerikoenen haragoko sendabiderik?
Hitzak erretzen, indargabetzen eta zikiratzen ari gara, hiztegiak amaigabeak balira bezala
Proposatuko nuke gutariko bakoitzak hitz-sortatxo bat aukeratzea, eta mimo handiz zaintzea
Ezezkoan nago, pesimista naiz; esperientzian eta ebidentzian oinarritutako pesimista, alegia, urte asko daramatzadalako ikusten zer pasatzen den gertaera eta zauriak –batez ere gertaera eta zauri larriak– konpromisozko hitz-geruza politikoki zuzen baten azpian ezkutatzen direnean, benetan osatzeko eta orbaintzeko aukerarik eman gabe.
Behar bezala menderatzeko ezintasunaren ondorioz, hitzek komeni baino gehiago kezkatzen nautela onartzen dut, oso oker ez banago aurretik ere partekatu dut obsesio hori. Baina oraingoan bene-benetan uste dut hitz zehatz eta zintzoa dela manipulazioaren eta memoria ariketa maltzurren aurkako Pfizerra.
Txertoak bezala, arduraz kudeatu beharko genituzke hitzak, aukeratzen ditugunen araberakoak izango baitira neurri handi batean gure oroitzapenak. Eta zuek ez dakit, baina nik ez dut trantze honetatik irten nahi oroitzapenen zakua ondo bete gabe. Antigorputzak erne eduki nahi ditut, zer gerta ere... Ezbairik gabe sinesten dut musukoaren onuretan, baina ez diot onartzen hitz-jario librea oztopatzeko zilegitasunik, ez gaitezen bilakatu denak berdin, denak mutu.
Hitzen egoera, une honetan, ez da ona. Azken hilabeteetan erre, ahuldu, bihurritu eta zikiratu egin ditugu, hiztegiak amaigabeak balira bezala. Orain dela hamahiru hilabete eta erdi jakin izan bagenu hau horrenbeste luzatuko zela zuhurragoak izango ginatekeen seguruenik hitzen kudeaketan, baina oso bestelakoak izan dira gauzak, eta gaur egun erantzukizuna, eraginkortasuna, askatasuna, elkartasuna, ardura eta beste hainbat hitz ZIUn daude, gehiegizko erabilera okerrak ia-ia indargabetuta.
Suspertuko dira, jakina, milaka eta milaka urte baitaramatzate hiztunon azalkeria pairatzen. Irudipena daukat guri gehiago kostatuko zaigula lehengoratzea edo, hobe esanda, geroratzea. Hasiera batean alai asko esaten zen gure bertsio onenarekin –are gehiago, hobetuarekin– aterako ginela ataka honetatik. Ni konformatzen naiz gertatu zaiguna ulertzeko eta kontatzeko gauza izatearekin. Proposatuko nuke gutariko bakoitzak hitz-sortatxo bat aukeratzea eta mimo handiz zaintzea. Egunen batean oso ondo etorriko zaizkigu. Nik aurrenekoa aukeratu dut. Misantropia da. Zorionez, ez daukat lekurik azalpenetan luzatzeko.