Borrar
Zupiria, Gonzalez, Agirre eta Zarate Irekia
Euskarazko Wikipedia, «erreferente» hizkuntza ez hegemonikoen artean

Euskarazko Wikipedia, «erreferente» hizkuntza ez hegemonikoen artean

Abenduan Jaurlaritzarekin duten akordioa amaitzerako, ezarritako helburuak beteko dituztela adierazi du Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak. Ohartarazi dute, hala ere, letretako edukian hutsunea dagoela; geografia eta historia eremua ez dute eta ia landu azken bi urteotan

Amalia Ibargutxi

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Jueves, 27 de junio 2019, 14:18

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Duela bi urte eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioa amaitzear dela, ebaluazioa egin du Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak. Helburuak beteko dituztela adierazi dute. Euskarazko Wikipediak kontsultagarri dituen eskola curriculumari lotutako kalitate maila handiko artikuluak 954 dira egun, helburu gisa jarri zituzten 1.000 artikuluetatik oso gertu. Horrela, lehenengo 50 Wikipedien artean kokatu dute. Ohartarazi dute, hala ere, zientzia eta ingeniaritzaren inguruko edukiak asko eta sakonki landu badira ere, letretako edukian hutsunea dagoela, geografia eta historia eremua ez dute eta ia landu azken bi urteotan.

Euskal Wikipediak 30 milioi bisita izan zituen iaz, 2017an baino 5 milioi gehiago, eta eguneko 100.000 bisitari baino gehiago izatera heldu da aurten. Zifra onak dira, ebaluazio prentsaurrekoan Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Galder Gonzalez eta Edurne Agirre Euskal Wikilarien Elkarteko kideek, eta Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak adierazi dutenez.

Azaldu dute orain bi urte sinatutako akordioaren helburuak betetzen ari direla; «ingurune digitala eremu estrategikoa da euskararentzat, Euskarazko Wikipediak prestigioa irabazi du eta oso posizio onean kokatu da». Hori zen lankidetzaren helburua, «kalitatezko eduki digitalak euskaraz ere eskaini ahal izatea», eta lortu dute betetzea, Zupiriaren arabera.

2017-2018 ikasturtean, 317 artikulu berri sortu zituzten, eta 716 hobetu. 2018-2019. honetan, aldiz, 483 artikulu berri sareratu dituzte, eta 484 hobetu. Akordioa abenduan amaitzerako, 1.000 artikuluen mugarria gaindituko dutela uste dute arduradunek. Guztira, azken bi ikasturteetan, 800 artikulu berri sortu dituzte eta 1.200 hobetu.

Hamabi eta hemezortzi urte bitarteko ikasleek erabilgarri izateko material didaktiko horren zerrenda bati jarraiki ari dira sortzen edukiak, hezkuntza-curriculuma aztertuta hautatutakoak. Agirrek zehaztu duenez, DBHko ikasleentzat interesgarriak gerta daitezkeen 300 artikulu inguru sortu dira eta, horrekin batera, artikulu gehienak hobetu.

«Artikuluen kalitatea baloratzeko irizpide ezberdinak daude. Tamainari erreparatuz, ikasleentzako pentsatutako artikuluak % 78 hazi dira: artikulu hauek 11.400.000 byte pisatzen zituzten proiektua hasi genuenean, eta 20.266.000 byte orain».

Sistemak maila ezberdinak eskaintzen ditu artikuluen kalitatea sailkatzeko (nabarmen, ona, B, C, hasi eta zirriborro). «Kalitate maila aipagarria duten artikuluak nabarmen areagotu dira. C kategoria edo gehiago duten curriculumari lotutako artikuluak 954 dira momentu honetan, helburu gisa jarri genituen 1.000 artikuluetatik oso gertu. Beraz, aurki ikasleentzat interesgarriak diren 1.000 artikulu izango ditugu», gaineratu du.

Aipamen berezia Donostiako liburuzainei

Sortzeke dauden artikuluak, beraz, 216 dira; heren bat literaturaren ingurukoak, eta gehienak, orokorrean, geografia eta historiaren ingurukoak. Iaz egindako ebaluazioan plazaratu zuten soziologia eta historiari buruzko gaiak lantzeko beharra, zientziaren esparruko jakintzagaiekin alderatuta, falta sumatu zuten eta. Filosofia, bestalde, lider bilakatu zuten EUPV/EHUko ikasleek burututako lanari esker.

Aurten, aipamen berezia jaso dute Donostiako liburuzainek, UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleez gain. Guztira, bi ikasturteetan, 2.500 ikasle aritu dira wikilari lanetan.

Orokorrean, sarrera gehiago sortu edo landu dituzte zientziatan eta ingeniaritzatan letretan baino. «Badirudi interes handiagoa dagoela zientzialarien artean dibulgaziorako, eta hau interesgarria da kontzeptu zailagoak izaten direlako; hala ere, historia eta geografia eremua ez da ia landu denbora honetan», azaldu dute Euskal Wikilarien Kultura Elkartetik.

«Kalitate handiko ekarpena» Txikipediari

Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, Txikipediaren bidez egiten dute lan. Iaz sortutako haurrentzako entziklopediak, urte betean, 1.900 artikulu gehitu ditu, eta lehendik zeudenak sakondu. Ikastetxeetako eta irakasle-eskoletako ikasleen «kalitate handiko ekarpena» azpimarratu dute, bereziki, matematiketan eta natur zientziatan.

Denera, Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu gaur eta iaz 30.000.000 bisita izan zituen. Artikulu kopuruaren araberako zerrendan, bi postu egin ditu gora, 29.enetik 31.enera, malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik kokatuz.

Halaber, artikulu garrantzitsuenen sakonerari dagokionez, lehenengo 50 Wikipedien artean ere badago. Euskarazko Wikipedia, ondorioztatu dute, «erreferentzia» bilakatu da munduko hainbat hizkuntza ez hegemonikorentzat.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios