Euskarazko testu juridiko esanguratsuenen erakusketa, Donibane Garazin
Abenduaren 6a bitarte izango da ikusgai
I. Mendia
Igandea, 10 azaroa 2024, 07:52
Garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak, arlo pribatukoak zein publikokoak biltzen dituen Hitzak Lege erakusketa ibiltaria abenduaren 6ra arte Donibane Garaziko Herriko Etxean izango da. Irekiera ekitaldian izan ziren Euskaltzaindiako kideak eta posible egin duten Terres de Navarre-Nafarroako Lurraldeak elkarteko eta Donibane Garaziko Herriko Etxeko kideekin batera.
Gotzon Lobera legegilea eta erakusketaren paratzaileak esan bezala «gure hizkuntza duela mende askotatik egon da presente euskararen lurraldeetan bizi ziren pertsonen harreman juridiko pribatuetan, baita lurralde horietako instituzioen jarduera administratiboan ere. Hori argi ikusten da erakusketa honetan».
Astelehenetik ostiralera goizeko 8:30etik 12:00etara eta 14:00etatik 17:30era izango da ikusgai. Terres de Navarre-Nafarroako lurraldeak elkarteak bisita gidatuak eskainiko ditu ondoko larunbatetan: azaroak 9, 16 eta 23an, 10:00etatik 12:00etara.
Eusko Legebiltzarraren, Nafarroako Parlamentuaren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusien eta Baionako Udalaren laguntzarekin antolatutako erakusketak garrantzi historiko nabarmena izan duten euskarazko liburu eta testu juridiko esanguratsuak biltzen ditu, modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan. Erakusketak dokumentuen informazioa duten 14 panel fisiko ditu, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Gainera, bi panel elkarreragile, hiru panel argiztatu eta bi bitrina daude. Besteak beste, ondare kontuak, ezkontza auziak, hileta arauak eta hainbat lege eta ebazpen garrantzitsu biltzen dira. Ia 600 urte dauzka euskarazko lege-izkribu zaharrenak eta Bizkaiko Foru Zaharrean jasota dago. Nazio Batuek Giza Eskubideen Adierazpena 1948an onartu eta berehala argitaratu zen euskaraz, 1950ean, Orixek euskaratua, eta hori ere badakar erakusketak.