Elitearen elitean dauden atletak entrenatzeko proposamen berria
Mark Kenneally atleta ohi irlandarrak UPV/EHUn aurkeztu du entrenamenduaren zientziari ekarpen berri bat egiten dion doktorego tesia
Ostirala, 9 abendua 2022, 16:21
Mark Kenneally nazioarteko atleta ohi irlandarrak, UPV/EHUn defendatu berri duen doktorego tesian, proposamen berri bat egin dio munduko lehen mailako atleten entrenamenduaren zientziari. Tesia eliteko atleten entrenamenduaren periodizazioarekin lotutako ikerketa lan bat da eta, beste lan batzuetan ez bezala, benetako eliteari egiten dio erreferentzia: munduko lehen mailako atletak, eta munduko txapelketetako eta Joko Olinpikoetako finalistak eta dominadunak hartu ditu aintzat, alegia. Tesia zuzendu dutenek ere badakite zertaz ari diren. Arturo Casado Alda Rey Juan Carlos Unibertsitateko irakaslea eta nazioarteko atleta ohi espainiarra da, olinpikoa Pekinen (2008) eta Londresen (2012), Kenneally bera bezala. Jordan Santos-Concejero, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, bai eta Espainiako selekzioko nazioarteko atleta ere 1.500 metroko proban.
Doktorego tesiak nazioarteko aipamena lortu zuen Dublingo Trinity Collegen egindako egonaldi bati esker.
EHUk ohar baten bidez jakinarazi duenez, «tesiak ('A novel approach to training analysis for distance runners based on race-pace') goi mailako kirolaren munduan dagoen itxurazko kontraesan baten zergatia aztertzen du. Alde batetik, entrenamenduaren zientziak entrenamendu intentsitateen banaketa polarizatu bat gomendatzen du (intentsitate baxuko eta altuko lan bolumen handia, eta intentsitate moderatuko bolumen askoz ere txikiagoa), baina, bestetik, praktikan, munduko atletarik onenek banaketa piramidal bati jarraitzen diote (intentsitate baxuko, ertaineko eta altuko bolumen beherakorra)». Gainera, doktorego tesiak entrenamenduaren intentsitate eremuak delineatzeko metodo berritzaile bat proposatzen du. «Xede lasterketaren erritmoaren ehunekoan oinarrituta dago hori, eta ez parametro fisiologikoetan», zehaztu dute.
Kontraesanak
Ikerketarako, doktoregaiak eliteko korrikalarien entrenamendua aztertu zuen denboraldi batean zehar, eta «lasterketa erritmoaren ikuspegia metrika fisiologikoen bidezko metodo tradizionalarekin konparatu zuen». Ikerketaren helburua zen distantzia ertain eta luzeko mundu mailako zazpi korrikalarik osatutako talde baten entrenamenduaren intentsitatearen banaketa 50 astez aztertzea, eta, horretarako, entrenamendu eremuak antolatzeko bi ikuspegi desberdin erabili ziren: lehenengoa, banakako lasterketa espezifikoaren erritmoan oinarritua, eta, bigarrena, parametro fisiologikoetan oinarritua. «Ikerketa honen emaitzek entrenamendu banaketa desberdinak erakusten dituzte, lasterketa erritmoari dagokionez ebaluatzen denean edo eremu fisiologikoei dagokionez ebaluatzen denean. Horrek agerian uzten du gaur egungo entrenamenduaren analisian gabezia potentzial bat dagoela, preskripzio metodoak ez baitira errendimendu espezifiko bati buruzkoak. Neurri fisiologikoak zein errendimendukoak aipatzen dituen ikuspegiak analisi koherenteagoa eta logikoagoa ahalbidetu dezake», ikertzaileak esan duenez. Beraz, emaitzek iradokitzen dute desadostasun bat dagoela gomendio zientifikoen eta mundu mailako atleten benetako entrenamendu metodoen artean.
Aukera zabalagoa
Aurkikuntza horietan sakontzeko, munduko lasterkari onenetako baten (plusmarkista kontinentala eta finalista olinpikoa eta mundukoa 1.500 eta 5.000 metroko probetan) urteko programazioa banaka aztertu zuen. Aurreko kasuan bezala, entrenamenduaren intentsitatearen banaketa zehazteko bi metodo erabili zituen entrenamendua aztertzeko: eremu fisiologikoen eta lasterketa erritmoan oinarritutako eremuen arabera. Emaitzek berriro erakutsi zuten entrenamenduari buruzko azken ikerketen problematika, entrenamendu polarizatua errendimendua hobetzeko baliabiderik eraginkorrena dela adierazten dutenena. «Tesiaren ondorio nagusia da eten bat dagoela zientziaren eta praktikaren artean erresistentzia lasterketetan errendimendua lortzeko entrenamendu optimoari dagokionez», ikertzaileak nabarmendu duenez.
Lanak hainbat arrazoi ematen ditu desadostasun hori gertatzeko: 1) Gai hau ikertu zuten esku hartzeko ikerketek, askotan, 6 eta 12 aste bitarteko iraupena izan zuten. Hala ere, eliteko errendimenduak urteak eta urteak ondoz ondoko entrenamendu fase eskatzen ditu, eta, beraz, esku hartzeko ikerketa laburretatik ateratako ondorioak agian ez dira oso fidagarriak. 2) Esku hartzeko ikerketa askok ez dute lasterketa errendimendua emaitza gisa aztertzen; errendimenduaren «iragarle fisiologikoetan» zentratzen dira, per se errendimenduan beharrean. 3) Entrenamendu polarizatuaren aldeko egungo ebidentziaren zati bat beste kirol batzuk aztertzen dituzten esku hartzeetan oinarritzen da, hala nola txirrindularitza edo iraupen eskia. Agian, oinezko lasterketaren kasuan –kontaktua dago eta distantziak estandarizatuta egon ohi dira–, joera handiagoa dago xede erritmo espezifikoetan oinarrituta lan egiteko.
Tesiak, gainera, proposamen berri bat dakarkio entrenamenduaren zientziari: eremuak zehaztea, xede lasterketaren erritmoaren arabera. «Lasterketa erritmoaren ikuspegia erabiltzeak bigarren eremu zabalago batera («moderatua») eramango luke beti, metodo fisiologiko tradizionalek baino erritmo aukera askoz zabalagoa txertatuz», amaitzeko esan zuenez.