Aitzpea Leizaola
Komunitatearen egituretan ohituren garrantzia aldarrikatuko du gaur donostiarrak Taupada jardunaldiko hitzaldi nagusian
Komunitategintza aktibatzeko ohiturak biziberritzea funtsezkoa dela arrazoitu zuten atzo, besteak beste, Taupada jardunaldiaren bigarren edizioko hizlariek. Komunitatea, ohiturak eta aktibazioa bezalako terminoen arteko lotura jorratu zuten Durangoko Plateruenea kultur aterpean, baita euskararen erabilera sustatzeko duten ahalmena ere. Hitza hartzen lehena Aitzpea Leizaola Egaña (Donostia, 1971) izan zen. Antropologian eta hizkuntzalaritzan lizentziatua, EHU-ko irakaslea da. Hala zion bere aurkezpenak: «Ohituren garrantzia komunitatearen egituretan».
Publicidad
– Ohiturak galtzen ari al gara?
– Ez nuke esango galtzen ari direnik. Esango nuke aldatzen ari direla. Etengabe aldatzen. Galeraren kontzeptua gaur egungo gure gizartearen begietatik ikusitako zerbait da.
– Komunitatea galtzen ari ote garen ere kezka zabaldu zait izenburua irakurrita.
– Bada, hori mendebaldeko gizarteetan mende luzeko hausnarketa baten baitan kokatu beharra dago. Gero eta gizarte indibidualistagoak ditugu eta komunitatearen zentzua gainbehera dagoelaren ideia hor dago. Nik bi bilakaera azpimarratuko nituzke. Batetik, bai badagoela indibidualizaziorako joera bat eta horrek talka egiten du lehengokoarekin garai batean gizartea oso modu homogeneoan pentsatzen zelako. Baina aldi berean, komunitate txikiagoen ugaltze bat dago.
– Azaldu hau, mesedez.
– Oso gaurkoa den fenomenoa da. Interes jakin baten inguruan ardazten diren komunitate horiek oso komunitate zentzuan funtzionatzen dute. Hor dinamika propioak sortzen dira.
– Zer diozu euskararen komunitatearen inguruan?
– Hemen ere bi gauzak ikusten ditut. Badago euskararen inguruko komunitate bat, ardazten dena kasu batzuetan egunerokotasunean, nahiz eta hori gero eta zailagoa izan; baina baita ere aldiro garai konkretu batzuetan gorpuzten dena. Garai konkretuetan sortzen diren horien adibidea da, esaterako, Korrika. Bi urtean behin egiten denean, denok ikusten dugu euskararen inguruko komunitate trinkotze bat, jendearen bat egite bat, esperientzia partekatze bat. Hori lurralde jakin batean gertatzen da gainera, eta horrek zentzua ematen dio denboraren antolaketari ere. Gauzak antolatzen dira Korrikaren egutegiarekin bat egiteko, edo alderantziz, bat ez egiteko.
Publicidad
– Euskararen komunitate hori, zer da, txikia ala handia?
– Batzuetan ikusarazten da eskala handiko eta intentsitate emozional handiko gertakarietan, eta aldi berean badaude komunitateak bestelako ezaugarriekin, denboran zehar mantentzen direnak, praktika komunitatearen kontzeptuarekin ere uler daitezkeenak.
– Ohituren garrantziaz ohartarazten hasita, esango al zeniguke adibideren bat?
– Azken 25 urteetan inauterien bilakaera aztertu dut. Momentu batean inauteriak berragertu egiten dira Euskal Herriko hainbat herri eta hirietan, 70. hamarkadaren amaieran hain zuzen ere, hegoaldean debekua desagertzen denean eta iparraldean Europa guztia zeharkatzen duen tradizioen biziberritze mugimenduarekin bat eginez. Hor oso fenomeno interesgarriak gertatzen dira, batez ere herri mailan. Inauteriak ahalbidetzen du neurri handi batean agertaraztea esparru publikoan herria zer den. Inauteri horiek ospatzerakoan ikusten da nola badagoen harrotasun bat herri jakin batekoa izatearekin lotzen dena
Publicidad
– Ohiturak jai giroarekin lotzen ditugu hemen askotan. Atzerrian baino gehiago?
– Hemen festazaleak garela ez dago zalantzarik. Egutegiari begiratu besterik ez dago. Baina hemendik kanpo ere bai. Badira hainbat testuinguru non sortzen eta berrasmatzen diren garai bateko ospakizunak eta tradizioak. Edo bertradizionalizazio fenomenoak. Hori nahiko zabaldua dago.
– Festazaleak gara baina, norbaitek festak antolatu egin behar ditu.
– Azken hamar-hamabost urte hauetan entzuten den zerbait da, bai: nolabait, erreleboaren beharra. Belaunaldi batek denbora luzean bere gain hartu du hainbat gauza antolatzearen ardura eta errelebo beharra dago. Baina kontutan hartu behar da duela hamarkada batzuk gauza asko antolatzen baziren ere, gaur egun ekimenen kopurua agian hirukoiztu ere egin dela. Festak sakabanatu ere egin dira. Eta, noski, horrek zaildu egiten du antolakuntza. Biderkatzen badira ekimenak, jendea behar da horiek guztiak aurrera eramateko. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Agian gauza batzuk antolatzeari utziko zaie eta beste batzuk indar handiagoa hartuko dute.
Publicidad
– Lehentasuna nonbait jarri behar al genuke?
– Egia esan, zaila da aukeratzea nora joan edo zer egin. Gauza guztiek ez dute esanahi bera. Ekimen batzuk tradizioaren atzean gordetzen ditugu, bereziki gertukoak, bihotzekoak ditugu. Horiei behinik-behin ez genieke hutsik egin beharko. Norberaren festetako gertakari nagusiak esaterako. Donostiarrentzat San Sebastian eguna edota Santo Tomas eguna... Tolosarrentzat inauteriak, Sanjuanak...
– Aspaldiko tradizioak, alegia.
– Joera izan da tradizioak lotzea iraganarekin. Baina tradizioak bereziki etorkizunera begira gizarte batek egiten duen bere buruaren proiekzio moduko bat bezala uler ditzakegu.
Publicidad
– Ohiturak eta komunitateak hizpide ditugunez, zer diozu Euskaraldia ekitaldiari buruz?
– Oso artikulatutako fenomenoa da, koordinazio handikoa, antolaketa konplexu eta zabala duen ekimena. Anbizio handikoa gainera, Euskal Herri osoari eragin nahi baitio. Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean eta gizartean ikusten ari diren zenbait joera aldaketen aurrean eragiteko esparru bezala ulertzen dugu Euskaraldia. Hobe izango litzateke halako ekitaldien beharrik ez izatea, euskararen egoera bestelakoa dela esan nahiko luke eta.
– Teknologia berriak komunitatearentzat mehatxu al dira?
– Segun eta nola erabiltzen diren. Gehiegi erabiltzen badira, kaltegarriak dira. Ezin dugu dena horren neurrira egin. Pertsonen arteko kontaktuak garrantzi handia dauka. Tradizioaren indar handienetako bat orain arte izan da bizipenetatik elikatzea. Teknologia berriak sorrarazi ditzakete emozio eta bizipenak, bai, baina ez dute ordezkatzen inolaz ere bizipen kolektibo batek ekar dezakeen intentsitatea, zerbait partekatzen ari zarenean sentitzen duzuna.
Noticia Patrocinada
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea ireki da
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea zabaldu du Taupa erakundeak bere webgunearen bitartez edota norbere herriko euskara elkarte edo euskaltegian. 8.000 euskaltzale inguru mugitzen ditu egitasmoak bai aurrez aurre eta baita online ere. Euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzea da mintzapraktika egitasmoen helburua. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da baina, geroz eta gehiago, parte-hartzaileen beharretara moldatzen da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión