Bikaintasun maila gorenari eutsi dio EHUren Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean masterrak
Hirugarren urtez jarraian berritu du Hezkuntzaren, Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren arloko Europako Agentzia Betearazleak ematen duen 'Good Practice Flag' bermea
Asteazkena, 18 maiatza 2022, 17:47
Hezkuntzaren, Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren arloko Europako Agentzia Betearazleak Euskal Herriko Unibertsitatearen Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean masterraren kalifikazioa berritu du, puntuazio bikaina jarriz: 100etik 90. Horrenbestez, masterrak hirugarren urtez jarraian berritu du Europako erakundeak ematen duen 'Good Practice Flag' bermea, eta bikaintasun maila gorenari eutsi dio.
EHUk jakinarazi duenez, Erasmus Mundus masterretako kalitate bereizgarrien ardura duen agentziak goraipatu egin du txostenean «ikastaroa diseinatu aurretik egindako merkatu azterketa, zalantzarik gabe, programa erakargarria ontzen lagundu baitu, (gradundokoaren) eremu espezifikoko egungo joera eta beharrizanekin lotura handia duena».
«Proiektuak titulu bateratu bat aterako du espezializazio bide bakoitzerako, eta zorionak ematen dizkiogu Frantziako arau berriei azkar erantzuteagatik», azpimarratu du europar agentziak.
Ikasleentzako zerbitzuen kalitate handia ere aitortu du: tutoretza, lagunen programa eta talde txikietan egiten diren tutoretzak, batik bat.Azkenik, agentziak oso positibotzat jo du teknologia berriak erabiltzea masterraren zabalkunderako eta sustapenerako.
Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean masterra duela bi urtetik Erasmus Mundus programa bateratuaren kalitate ziurtagiria duen graduondokoa da. Batera eskaintzen dute EHUk (koordinatzailea), College Cork-eko Unibertsitateak (Irlanda), Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateak eta Nantesko Eskola Zentralak (Frantzia).