Bilgarrietarako material erabat birziklagarriak sortu dituzte EHUn
UPV/EHUko eta Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) ikertzaileen elkarlanetik sortu da hondakin plastikorik gabeko material bioberriztagarri eta biodegradagarria
DV
Donostia
Astelehena, 14 urria 2019, 12:58
UPV/EHUko eta Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek plastiko mota bioberriztagarri eta biodegradagarri bat garatu dute, egungoak baino hobea eta ekonomia zirkularra bultzatzen duena. Plastikoak ezinbesteko elementu bihurtu dira eguneroko bizitzan. Ekoizpena eta erabilera areagotzen ari direnez, planetako txoko guztiak kutsatzeko zorian daude, batik bat, ozeanoak, ezin konta ahala plastiko tonaren azken helmuga direnak, eta material horrek mendeak behar ditu desagertzeko.
Haritz Sardón, Ainara Sangroniz eta Agustin Etxeberria UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzaileek eta Eugene Y.-X. Chen, Jian-Bo Zhu eta Xiaoyan Tang Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek bilgarrietarako material erabat birziklagarriak diseinatu dituzte, plastikozko bilgarrien arloan ekonomia zirkularra sustatuz; izan ere, diseinuan eta ekoizpenean berrerabilera, konponketa eta birziklapeneko behar guztiak betetzen dira. Nature Communications aldizkarian argitaratu berri da aipatu ikerlana, eta plastikoaren arazoa konpontzeko aurrerapauso bat da.
«Bilgarriak beharrezkoak dira elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko –azpimarratu du Haritz Sardón ikertzaileak–. Bilgarriak babesten du produktua kanpo-eragileen aurrean. Oro har, propietate mekaniko onak (harikortasun handia) eta gasekiko eta lurrunekiko iragazkortasun txikia izan behar dituzte; alegia, hesi propietate onak. Bilgarrien sektorean, plastikoak dira material erabiliena, propietate fisiko onak, arintasuna eta kostu txikia direla kausa. Alabaina, egoki birziklatzeko sistemarik ez dagoenez eta ez denez material biodegradagarria, ingurumenean pilatu eta pilatu ari da, arazo neurriz kanpoko bat sortuz».
Arazoa konpontzeko, material biodegradagarriek askoren interesa erakarri dute. Polimero horiek, baldintza egokietan, degradatu egiten dira, eta karbono dioxidoa, ura, biomasa, eta abar sortzen dituzte. «Polimero biodegradagarrien artean, poli(azido laktikoa) da etorkizun oparoa izan dezaketenetako bat. Hala ere, oso zurruna eta hesi ahalmen txikikoa denez, aipatu materiala ez da egokia material komertzialak ordezteko», adierazi du.
Horrenbestez, birziklapen kimikoa gero eta garrantzitsuagoa da. «Material mota hori –dio UPV/EHUko ikertzaileak–, behin balio bizitza amaituta, kimikoki birzikla daiteke, eta jatorrizko monomeroa edo monomero berriak lor daitezke. Monomeroa berrerabili egin daiteke, materiala berriro sintetizatzeko. Hala, ez da hondakin plastikorik sortzen».