Azkean astea, Bizkaian
Gipuzkoako kostaldea zeharkatuta sartu zen Lekeitiotik eta uztailaren 31n Getxora heldu bitarteko azken kilometroak lurraldean egingo ditu
Uztailaren 1ean abiatu zen EuskarAbentura eta azken txanpa, azken astea, Bizkaian barrena egingo du. Gipuzkoako kostaldea zeharkatuta sartu zen Lekeitiotik eta uztailaren 31n Getxora heldu bitarteko azken kilometroak lurraldean egingo ditu. Hurrengo egunetako mugarriak Gernika, Bermeo, Bilbo eta aipatutako Getxo izango dira.
Orain arteko balorazio ezin hobea egin du EuskarAbenturak. «Martxa onean doa, arlo guztietan gainera: azpiegitura, osasuna, edukia, gazteak...», azaldu dute. Oinetan 300 kilometro jada dituztela neke zantzuak izan dituzte, normala den bezala, baina leku berriak deskubritu eta ezagutzeko irrika gasolina izan da.
Bide honetan Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti eta Gernika izan dira geldialdi. Lehenean eta Zarautzen harrera instituzionalak izan zituen EuskarAbenturak. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera eta gosaria eskainiko zituen udaletxean eta bertan izan ziren Eneko Goia alkatea eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria. Zarautzen, berriz, Udalarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburuak harrera egin zioten espedizioari. Familia argazkia atera zuten Xabier Txurruka eta Nerea Melgosarekin.
Era berean, Kike Amonarrizen bisita beti bezain inspiratzailea izan zen, eta Ziribito Records gazteekin izandako elkarrizketa zintzoa eta hurbila erabat. Zarautzen, goiza gris esnatu bazen ere, ederki gozatu zuten olatuekin, eta Skabidean zein Porrotxen bisitak eguna kolorez jantzi zuen. Lekeitio izan zen Bizkaiko lehen geltokia, bezperako magiarekin jarraituz Gure Zirkura hurbildu ziren, artistak ezagutu eta haiekin batera une eder batez gozatzeko.
2024ko espedizioari itxiera emango dion ekitaldia 12:30ean izango da Getxoko Muxikebarrin.