Ainhoa Delgadok irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria

Finantza entitateetako zerbitzu digitaletako hizkuntza-hautuari buruzko lana nabarmendu du epaimahaiak

J. A.

Viernes, 28 de noviembre 2025, 13:21

Ainhoa Delgado Iriondoren Finantza entitateetako zerbitzu digitaletako hizkuntza-hautuari buruzko lana nabarmendu du Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatzen dituzten Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien 2025eko edizioko epaimahaiak. Ebazpenean diotenez, 'Zuk, zergatik ez? Hizkuntza-hautua finantza-entitateen zerbitzu digitaletan' hausnarketaren ardatza da bizirik nahi badugu, euskarak sarean egon behar duela ezinbestean, baina egote hutsa, ordea, ez dela nahikoa, erabili egin behar delako. Delgadok 2.000 euro jasoko ditu.

Publicidad

Andras Kornai hizkuntzalariaren teoriatik abiatuta eta finantza entitateen zerbitzu digitalak aitzakiatzat hartuta, euskararen bizitasun digitala aztertu du Delgado. Eskaintza eta eskaria aztertu ditu, hizkuntza aukeratzerakoan eragina duten faktoreak identifikatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko estrategiak proposatzeko. Ikerketak erakutsi du hizkuntza hautua ez dela neutroa eta hainbat faktorek baldintzatzen dutela, hala nola araudiak, euskarri digitalen konfigurazioak, erabiltzaileen gaitasunak edo zerbitzua eskaintzen duenaren proaktibitateak. «Eta zuk, zergatik ez?», planteatzen du ikerlanak.

Bestalde, Kimetz Perez-Harispek lortu ditu 2025eko Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien bigarren sariaren 1.300 euroak, 'Hirigune frantses batean euskaraz ikastearen oxymorona: Baionako Estitxu Robles Kolegioaren kasua' lanari esker.

Hirugarren saria (1.000 euro), berriz, Mikel Gartziarena San Policarporentzat izan da, 'Irakaslegaiak euskararen sistole: bizi a(ha)la iraun? Euskal Herrian euskararen transmisioan gako izango direnen azterketa' lanagatik.

Hiru irabazleei sariak banatzeko eta lanon laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia abenduaren 19an egingo dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk, 12:00etan hasita, EHUko Micaela Portilla Ikergunean, Gasteizen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad