AEK-k euskara lantzeko matrikulazio epea ireki du
Euskadin B2ra arteko prozesua doakoa izango da maila egiaztatuz gero eta 30 urtetik beherakoentzat aukerak zabaldu dira eta C1 mailara iritsiko dira
i. m
Astelehena, 5 iraila 2022, 14:45
Azken urteotako matrikulazio gorakadaren baitan, 2021-22 ikasturtean euskaltegietara gerturatuko ikasle kopuruak gora egin zuela jakinarazi du AEK-k eta urrian hasiko den kurtsoari begira igotzea espero dutela. «Pandemian zertxobait apaldu zen, logikoa den bezala, baina azken ikasturteek erakutsi digute euskaltegien lana bizi-bizirik dagoela, egoera zail horretan ere euskara ikasi-hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirauela, eta ikasle-irakasleen ahaleginari esker, unean uneko babes neurriak beteta, euskalduntze prozesuan aurrera egin dugula », azaldu dute.
Urrian hasiko den ikasturtean, hauek izango dira AEKn euskara ikasteko aukerak: Euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak, ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak; autoikaskuntza, euskaltegian eta etxean; eredu konbinatua, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta; online ikastaroak eta Foruko barnetegia, Urdaibaiko biosfera-erreserban, urte osoan zabalik.
«Milaka lagunek erakusten duten gogoari segika, EUSKARA hitza nabarmendu dugu kanpainaren euskarri grafikoetan, euskara erdigunean jarri, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko», zehaztu dute.
AEK-k azaldu duenez euskaltegiak 100 herri baino gehiagotan daude eta hauetan 500 bat irakasle izan dira lanean 11.500 ikasleren euskara ikasteko bidelagun izateko. Ikasturte berrirako ere erakunde askok dirulaguntzak ematen dituztela oroitarazi du elkarteak, besteak beste udalek, aldundiek, mankomunitateek, Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak.
Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen, B2ra arteko prozesua doakoa, maila egiaztatuz gero. Aurten, aukerak zabaldu dira eta C1 mailara iritsiko da, kasu horretan 30 urtetik beherakoentzat. Nafarroan, aurten, laguntzak zertxobait emendatu dira, eta Iparraldean ere euskara ikasteko diru-partida bada. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek aukera horien berri edukitzea, euskarara, euskaltegietara, hurbiltzeko ezinbesteko osagaia direlako.