'Euskal Hedabideen Urtekaria 2023-2024'

2023an 40 milioi bisitaren langa gainditu zuten euskal hedabideek

2020ko audientzia maximo historikoetatik «oso gutxira» geratu dira, 2022arekin alderatuta %9ko hazkundearekin audientzian

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 29 de febrero 2024, 16:48

Euskal hedabideak «etengabeko aurrerako mugimenduan» kokatu dituzte azken urtearen balantze txostena aurkezteko agerraldian, «iaz baino aurrerago gaudela, baina datorren urtean baino atzerago». Bilakaera horretan, aldaketa nagusienetako bat analitika digitalari begira jarritako arreta handiagoa nabarmendu dute. 'Euskal Hedabideen Urtekaria 2023-2024' aurkezteko Euskalerria irratiaren egoitzan egindako agerraldian izan dira Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak eta Behategiaren urtekariaren editore Libe Hernando koordinatzailea eta Ibai Castro kidea.

Publicidad

Noski, euskal hedabideen egoera ez da isla bat munduan. Hori dela-eta, kokatze aldera Castrok mundu mailako hainbat datu eman ditu «digitalizazioaren dimentsioa» ulertzeko, esaterako 2023an Interneteko 5.000 milioi -biztanleriaren %65a- eta telefonoen kasuan 5.500 milioi erabiltzaileren langa gainditu dela. Azken honetan, gainera, %95a adimendunak dira.

Errealitate horrek isla izan du euskal hedabideen datuetan ere, Hernandok esan bezala. Iaz 40 milioi bisitaren langa gainditu zen, ia 2020ko audientzia maximo historikoen tamainan. «Ez gara iritsi, baina oso gutxira geratu gara». Hala, 2022arekin alderatuta audientziak %9ko hazkundea izan dute eta gorakadak «esangura kualitatiboa ere» duela iritzi du, euskarazko hedabideak publikoarekin konetaktzeko gai direla erakusten dutelako.

Eduki askoko urtekaria

Urtekariak 2023ak emandako gai nabarmenenak biltzen ditu «horien zabalpen eta gordailu lana» egiteko eta, era berean, «unibertsitate mailan egindako ikerketak zabaldu eta aurrerapausoak emateko». Hain zuzen ere, eduki nagusietako bat Iruñeko irratiari buruzko erreportaje zabal bat da, 35. urteurrena baliatuz historia laburbiltzen duena irratia egiten ari den jauzi digitalari erreparatuz: ezarri berri duen kamera digital adimentsu sistema, abian jarri dituen bideopodcastak, mobile journalism edo kale kazetaritzan egin dituen lehen urratsak.

Horretaz gain sektoreko eragileek sortutako artikuluak bildu dira, esaterako Lander Arretxeak sektoreari buruz egindako «proposamena begirada baikor batetik». Hala, itzulpengintza automatikoak euskal kazetaritzari irekitzen dizkion atea aipatzen duela aurreratu du Castrok, «euskal gaiak euskal ikuspegitik jarraitzeko» aukera emango baitu. Berriako urteurrenaren karira egindako berraldatze prozesua, EITBren digitalizazio prozesua edo Iparraldeko hedabideen belaunaldi errelebo prozesua azaltzen dute artikulu banak.

Publicidad

Unibertsitateko zazpi azterlan ere dira: Eneko Bidegainek bideratutako Mondragoneko taldeak euskarazko komunikabideen balio soziala landu dute, balio ekonomikoaz gain gizarteari ekarritakoa ere neurtu behar dela aldarrikatuz; Garazi Sánchezek gazteek informazioa kontsumitzeko dituzten ohiturak aztertu ditu eta Ainara Arriondok Adimen Artifizalaren gaiak X sareko euskal hedabideen profiletan duen presentzia aztertu du. «Oraindik gutxi», da ondorio nagusia.

Behategiak urtero kaleratzen duen txosten honen bederatzigarren alea izan da eta azkenetan hasitako dinamikari jarraipena eman dio, «hiru txori tiro bakarrarekin akabatzeko» umorez Castrok esan duen bezala, «tokia ezagutu, hedabidearekin harremana estutu eta urtekaria aurkeztu».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad