11-12 urtekoek smartphoneak nagusiki senide eta lagunekin hitz egiteko erabiltzen dituzte
UPV/EHUren ikerlan baten arabera, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak batez ere bideoak ikusteko sartzen dira sare sozialetara
I. A.
Donostia
Larunbata, 28 abendua 2024, 13:38
Euskal Herriko Unibertsitateko Weablearner ikerketa-taldeak EAEko 11-12 urteko umeen ekosistema digitala aztertu du, eta ikusi dute hirutik bik telefono inteligente bat daukatela. Batez ere, familiarekin eta lagunekin hitz egiteko erabiltzen dituzte smartphoneak. Gainerakoan, ikertzaileek azpimarratu dutenez, adin horretan sare sozialetara nagusiki bideoak ikusteko sartzen dira eta ez dute ia edukirik sortzen.
Smartphonearen erabilerari lotutako arriskuez arduratuta, gero eta gehiago dira une hori atzeratzeko ahalegina egiten duten ekimenak. Adin txikikoei lehenengo telefono mugikorra oparitzeko unea kezka-iturri da guraso askorentzat. Ikerketen arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan, 13-14 urterekin, ikasle guztiek eduki ohi dute mugikorra. Hori jakinik, hezkuntza eta teknologia aztergai dituen UPV/EHUko Weablearner ikerketa-taldeak aztertu nahi izan du urtebete lehenago, Lehen Hezkuntzako azken mailan, haurren ekosistema digitala nolakoa den.
Ikerketa honen arabera ikusi dute 11-12 urteko hirutik bi umek telefono inteligentea daukatela eta batez ere, familiarekin eta lagunekin hitz egiteko erabiltzen dutela. Gainerakoan, ikertzaileek azpimarratu dutenez, adin horretan sare sozialetara nagusiki bideoak ikusteko sartzen dira eta, batez ere, Youtuben. Ez dute ia edukirik sortzen eta gehienak ikusle izatera mugatzen dira. Erabilerari lotuta, generoaren araberako desberdintasunak badaude, izan ere neskek batik bat bideoak ikusten dituzte, eta mutilak, berriz, bideojokoetan jokatzen dira euren gailu mugikorrekin.
Eneko Tejada Ikertzaileak azaldu duenez, «ikertzeko adin garrantzitsua da; izan ere, beren kultura digitalaren konfigurazioa lehenago abiatzen den arren, garai horretan hasten dira mugikor propioa edukitzen eta horrek ekartzen du aldaketarik handiena». Telefono inteligentea oparitzea «sarbide-erritua» bilakatu dela dio. «Nolabait nerabe izatera pasatzeko saltoa ematen dute, sare sozialak erabiltzeko giltza ematen zaielako eta, horrekin batera, mundu paralelo baterako sarrera. Bereziki horrek kezkatzen ditu familiak eta ikuspegi teknofobo bat ere zabaldu da. Hala, egoera benetan nolako den aztertu nahi genuen», zehaztu du Eneko Tejada ikertzaileak.
EAEko sei eskola publikotako LH 6ko 356 ikaslek parte hartu dute ikerketan. Hirutik bik mugikorra dutela adierazi dute, eta herenak dio ikasturtea hasi aurretik jada bazeukala. Gauzak horrela, Tejadak dioenez, «ezin daiteke esan 11-12 urtekoen artean telefono inteligenteen jabetza eta erabilera orokortua denik, baina badakigu etorkizun hurbilean hala izango dela».
Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek diote 11-12 urteko ikasleen artean arrisku-faktore gutxi antzeman dituzten arren, zuhurtziaz jokatzea komeni dela: «Plan estrategikoak garatu behar dira Interneten, sare sozialen eta bideojokoen erabilera seguru eta arduratsu bat sustatzeko. Eta familiei jarraibideak eman behar zaizkie euren seme-alabei lehenengo smartphonea noiz eman erabakitzen laguntzeko».