Hiritarrak | Oier Plaza Gartzia
«Pragara joan behar baduzu, kamera hartu eta Pragara zoaz; ate joka»'Jornalero audiovisual'-tzat du bere burua. Bada ere 'Popel' filmaren egilea
Honela azaldu zuen Zinemaldiaren katalogoak Gernikan jaiotako errealizadorearen lehen film luzearen nondik norakoa: «'El impostor' eleberria irakurri ostean, Unai Eguía irakasleak ikerketa bat jartzen du abian, nazien eremutara deportatutako errepublikano katalan Enric Monerrekin zer gertatu zen argitzeko asmoz. Aldi berean, Gestapok erbestean harrapatutako Anjel Lekuona osaba ikertzen ari da Antón Gandarias. Haien bideak gurutzatu eta beren ikerketek Pragara eramango dituzte. Bertan, nazismoaren 2.000 biktimen errautsak salbatzeko euren bizitzak arriskuan jarri zituzten František Suchýren eta bere semearen istorio harrigarria deskubrituko dute».
– Ehunka lan egin dituzu telebistetarako, publizitatean zara ere ibilia, trebatua. Ikusi izan du jendeak Zornotzako emakumeen inguruko zure dokumentala. Baita Valle de los Caidosen gainean buruturiko ikerketa bisuala. FMK ekoiztetxea sortu duzu lagun talde fin batekin. Aita duzu gerra erreportaria eta 'jornalero audiobisual'-a zarela diozu.
– Munduko hainbat gerratan izan zen aita, Irakekoan, kasurako. Gerra kazetari benetakoak existitzen zireneko garaikoa da aita, Manu Leguineche eta antzekoen leinukoa. Ortega y Gasset saria eskuraturik, bere erreportaiak zabaltzeko ekoiztetxea sortu zuen, egun gure FMK dena. Kuriosoa, Gernika hain txikia izanik bada han ikus-entzunezko munduarekiko joera handia. Ez naiz ni bakarra, taldekoak dira Hannot Mintegia, orain 'Itxaroten jakin' filmatzen ari dena, 'Popel'-en muntaian izandakoa. Bada Aitor Etxebarria, musika sortzailea. Bada Fermin Aio, Kepa Junkerari buruzko 'Berpiztu'-ren egilea. Badira Berde ekoiztetxekoak, 'Jai Alai Blues' burutu zutenak. Bestalde gutako asko Lobak elkartearen kide gara.
«Minnesotako herri galdu batean geundela, pelikula bat ikusi genuen. Gernika aipatzen zen bertan. Bukatzerakoan, irakasleak ea herriaren edo koadroaren berri ote nuen galdetu zidan. Harritu eta harrotu nintzen, gernikar askoren moduan, bertako iraganaren zama eta urguilua baitaramatzat»
– 'Lobak'??!!
– Honela aurkezten dugu gure burua elkartearen webean: «Gernikako bonbardaketa sufridu ebenen lobak gara. Bonbardaketaren gertakari historikoa gai hartuta sorkuntza eremu ezberdinetan lan egiten dauden gazteak, – eta lan egin gura dabenak–, martxan ipini nahi doguz». Gure ustez, artearen bitartez testigantza eta salaketa ugari eta trinkoak egin daitezke. Gure irudiko, hain bortitza, hain hilgarria, horren min handia sorrarazi zuen gertaera horretatik zerbait positibo atera daiteke. Ikertu, landu, sortu...
– Ikus-entzumenezko jornalari hutsa izateko, urrutira eraman zaitu lanak, Pragan den Strašnice krematoriumera, Hradisko kontzentrazio-esparrura...
– Fikzioa egiten duzunean, burdinazkoa izan ohi da gidoia; itxia, hertsia. Dokumentalak egitea, berriz, ezezagunerako bidaia da. Abenturarako. Misteriorako. Inprobisatzen behar duzu jakin, hari batera tiraka, beste batean nahasten zarelako eta hor zaudela, beste bide bat zapaldu, urratu beharrekoa, irekitzen zaizu. Ala ez, nork daki. Inozente samar izateak ere merezi du...
– Inozente?!
– Bai. Beldurrik gabe ate joka ibiltzeko ea nork, zein eta non irekiko. Inozente, bai baina baita erabakiak azkar hartzen dituen horietakoa ere.
– Aiba, zergatik?
– Askotan ezin egon ekoizle eragileak zer esaten dizunaren zain. Gerta liteke ere, ekoizle eragilerik ez izatea zure proiekturako. Beraz, sumatzen baduzu Pragara joan behar duzula, hantxe baita zure istorioak ezinbesteko duen zerbait, abioia hartu beharko duzu haraino. Gehiegi pentsatu gabe.
– Lantaldearekin batera?
– Ez duzu horretarako aukerarik. Zu zeu zoaz, kamera eskuan harturik. Zuk zeuk grabatuko dituzu noraezeko irudi horiek. Eta bidenabar, igual, Pragan ekoizle txekiarrik aurkitu.
– Aldaketak egiten ere, trebe izan behar. 'Popel'-en ugari izan ziren. Filmatzerakoan. Eta gero.
– Hasieran igual artistikoagoa nahi genuen egin baina konturatu ginen narratibari eutsi behar geniola hantxe baitzen tentsio benetakoa. Hannotek eta biok zortzi hilabete eman genuen muntaian eta bertan ikusi genuen ondo non zegoen dokumentalaren indarra, Kote Kamatxoren animazioak ere piztutako garra.
– Unai Eguia irakasleak Enric Monner, Anjel Lekuonaren eta beste deportaturen berri jasotzeko ikerketak abentura nahiko kixoteskoa dirudi. Gauza bera esan zitekeen zuen 'Popel'ez, kixote-abentura, Pragan estreinatu zena, Zinemaldiak aukeratua, Ji.hlava zinema jaialdi garrantzitsura joango dena, Parisen estreinatuko. Gurean ere.
– Mila kontu gertatu zaigu 'Popel'-ekin. Herioa 'bizitzeko', entenditzeko beste modu batekin egin genuen topo Strašniceko krematorium hartan, non bi heroik naziek hildakoen errautsak salbatu zituzten. Han, errauste-labe gelan, filmatu genuen, hilkutxez inguraturik. Senttitu dugu desagertu horien senideen min infinitua. Ulertu dugu herioan ere badagoela elkartasuna. Anjel Lekuonaren errautsak ez zituzten Busturiara ekarri. Hobe ziren Pragako Memoria Parkean, borrokakide izan zituen lagun horienen ondoan. Betiereko juntu.