Hiritarrak
Ander Elosegi Alkain
«Konpetizioan zortea dago, baina saiatu behar duzu alboratzen»Ordenagailuek nola funtzionatzen duten jakin nahi izan zuen kirolaria
Badira bi urte Irunen jaiotako Ander ikerlari laguntzailea dela Artificial Intelligence, Visual Computing & Interaction teknologietan espezializatutako zentro teknologikoa den Vicomtechen. Badira bost urte, Tokion izan ziren Joko Olinpikoak eta gero, ur-bizietako kanoa jarleku bakarreko (C1) modalitatean lehiatzeari utzi ziola. Domina garrantzitsuak lortu zituen munduko mailan. Londres, Rio, Pekin eta Tokioko jokoetan beti geratu izan zen podiumetik hurbil. Beti eskuratu izan zituen diploma olinpikoak. Miramongo Parke Teknologikoan den Felisa kafetegian jardun genuen solasean. Zoriaz. Teknologiaz. Kirolaz. Lanean, teknologia digitalak ikertzen ditu lankideekin eta enpresei transferitu. Kirolari dagokiola badaki Tokion eta Santiago zubipean konpetentzia grina antzekoa dela.
– Duela bost urte inguru utzi zenuen piragua. Jarraitzen al duzu urarekin borrokan?
– Ez. Alde batetik norgehiagoka handia ez dudalako. Ez dut izan urte hauetan erronka sekulakorik eta helburu apartakorik ez badago ez dut grina, bultza, desira sentitzen. Bestetik, urarekin ezin duzulako, inoiz ez, borroka egin.
«Holo-konferentziak ari gara ikertzen, garatzen. Bilera birtualetako hurrengo pausua izango dira, bideo-konferentziak antzekoak, baina pantailarik gabe. Hori bai, oraindik, errealitate birtualeko betaurrekoak erabili beharko dituzte partaideek»
– ????!!!
– Ez. Berriro dizut, uraren kontra ezin duzu inoiz joan. Sekula ez zara urarekin borrokan ibiliko. Edo akabo. Hori da arraun klub batean sartu orduko irakasten dizuten lehenbiziko kontua, barneratu behar duzun lehen ikasketa, hain zuzen ere.
– Beraz?
– Kontrakoa. Zure alde erabili behar duzu ura. Nahi duzun hori lortzeko berarekin jokatu. Gogoan dut Fisika ikasten ari nintzela irakasle batek hidrodinamika oso gauza zaila zela ulertzen, ikasten, egokitzen esan zigula. Ez zait inoiz ahaztu. Nik hausnarketa horren proba benetakoa nuen. Hidrodinamika zer zen jakin gabe, txikitatik izan naiz erabiltzen, menderatu nahian...
– Hidrodinamika, mugimenduan dauden likido eta gasak ikertzen dituena... Nik uste nuen informatikoa zinela eta ez fisikoa.
– Hasi nintzen Fisika ikasten. Bilbon. Beitu, nik mundua, gauzak, izakiak, natura, gizakiak, zientziak, ordenagailuak nola funtzionatzen duten jakin nahi izan dut beti. Txikia nintzenetik. Horrexegatik heldu nion Fisikari baina nire kirol ibilbidea handitu ahala konturatu nintzen ezin nuela eutsi karrera edo lizentziatura presentzial bati. Konputazioa, programazioa eta konputagailuak gogoko, oso gogoko, nituenez, UNED-en ekin nion informatikari.
– Zergatik piraguismoa, zergatik ur-biziak?
– Askotan bezala, kasualitatez. Irungoa naiz. Eskaini zizkiguten ikastolan kirola egiteko hainbat aukera. Bata, Santiagotarrak Kirol Elkartearena. Apuntatu nintzen. Probatzeko. Klubean baziren hainbat sail ezberdin, ontzi arin batean egiten den pistako piraguismoa, ur-lasaietako arrauna eta ur-bizietakoa. Gehiago erakarri ninduen azken honek eta kito. Gero geroka, egiten dituzun lagunak, betetzen zaituen konpetitzeko sentsazio hori, azaldutako uraren konplikazio zoragarria...
– Uraren kontra ezer egitea ezina bada, zer gertatzen da suertearekin? Lerroburuan argi uzten duzun kontua da, badago baina saiatu behar duzu baztertzen.
– Baietz uste dut. Beti pentsatu dut hori. Konpetitzen zarela, ezin suertearen eskuetan utzi lortu nahi duzun hori. Justu kontrakoan saiatu behar duzu entrenamenduetan; ahalik eta leku txikiena uzten zorteari, zoriari. Gerta daitezkeen gauzak gerta ez daitezen entrenatu behar duzu. Ezin domina bat, txapelketa bat, diploma bat suertearen arabera utzi. Gero gerokoa. Zure lehiakideak egin dezake akats bat. Hori al da suertea? Bai eta ez zeren eta... zuk errore horretaz baliatzeko prest egon behar baituzu. Gerta daitekeen huts horri probetxua ateratzeko entrenatu duzu.
– Beste hausnarketa pisu handikoa egin duzu gure hitz-aspertuan, Santiagoko zubipean konpetitzeko irrika Tokioko Jokoetan denek sentitu izan zenutenaren antzekoa (omen) da...
– Ez izan dudarik. Bai batzuek bai besteok helburu berdinarekin jokatzen dugu: gure hobea ematea. Entrenamenduak ezberdinak dira jakinak. Ez duzu entrenu bera egiten herri lehiaketa izan edo Munduko Txapelketa izan, jakina. Irabazteko irrika baina berdintsua da. Berdintsua baino, bera.
– Hitz dezagun zure lanaz. Ederra ez da?
– Bai. Alde batetik teknologia berriak esploratzen ditugu, zertan diren edo zertarako erabil daitezen jakin nahian. Bestalde, enpresa askok laguntza eskatzen digute gaurko eta kasik biharko teknologiak beren esparru jakin eta zehatzen aplika ahal izateko. Beraz, batzuk esploratzaile jarduten dute eta besteok garatzaile edo aplikatzaile.
– Eta zuk zeuk?
– Hainbat gauzatan nago. Ikerketa aplikatuan, bideo, streaming eta errealitate birtualarekin lotuta. Azken produktutik gertuago funtsezko teknologiatik baino. Munduak, zientziak, garapenak nola funtzionatzen duten jakin min bizian. Oraindik eta beti.