6.000 donostiarrek eman dute Euskaraldian parte hartzeko izena
Antolatzaileek web gunea eta aplikazioa gomendatzen dute izena emateko, baina asteburuetan hiriko zenbait lekutan egin ahalko da
Ostirala, 6 azaroa 2020, 14:59
Euskaraldian izena emateko epea bukatzeko bi aste falta direnean, 6.000 donostiarrek eman dute izena dagoeneko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo den ariketa sozialaren bigarren edizioan parte hartzeko. Euskal Herri osoan 70.000tik gora dira jada izena eman dutenak.
Antolatzaileen esanetan, izen-ematea www.euskaraldia.eus webgunearen bidez edo gailu mugikorretarako sorturiko aplikazioaren bidez egitea komeni da. Hala ere, datozen bi asteburuetan hiriko hainbat lekutan eman ahalko da izena: kultur etxeetan, Bagera elkartearen egoitzan, Udal Euskara Zerbitzuan edota hirian zehar jarriko diren haimetan.
Bestalde, gogoratu dute Donostiako 230 entitatek 500dik gora arigune sortu dituztela eta horietan parte hartzen dituzten norbanakoek ere izena eman behar dutela egitasmoan aritzeko.
Izena eman duten guztiek ahobizi edo belarriprest txapa soinean eraman beharko dute ariketak iraun bitartean. Izena ematerakoan, txapa jasotzeko tokia aukeratu behar denez, hautatutako lekura joan beharko da txapa jasotzera azaroaren 20a baino lehen.
Donostiako jasotze guneak honako hauek dira: kultur etxeak: (Aiete, Casares, Egia, Ernest Lluck, Etxarriene (Martutene), Intxaurrondo Berri, Itsas Aurre (Igeldo), Larrotxene, Lugaritz eta Okendo), kiroldegiak (Benta Berri, Bidebieta), Jolas Etxea (Añorga), Koldo Mitxelena Kulturunea, Bagera elkartea eta Udal Euskara Zerbitzua.
Pandemiak sortu duen ezohiko egoerak eragina izango du aurtengo ariketan, baina Euskaraldiko Donostiako antolatzaileek ekimenaren garrantzia eta balioa nabarmendu nahi izan dute: «Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko balioko du. Bakoitzaren hizkuntza ohituretan eragin eta gure eguneroko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko aukerez jabetzea da asmoa. Gakoa jokaeran dago, ez gaitasunean».